Gaurko Jam sesioan Iban Nikolairen musika etnikoa

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 16a

Jam sesio berezia izango dugu gaur Jalgi Kafe-antzokian 22:30ean. Iban Nikolairen didgeridooaren doinuez eta musika etniko eta tribalaz gozatzeko aukera paregabea izango da gaurkoa.

Iban Nikolai

Londresera egindako bidaia batean ezagutu zuen didgeridooa Iban Nikolaik eta autodidakta gisa ikasten hasi zen. Ondoren klase eta tailerretan parte hartu du Australian eta Europa zehar.
Egun, didgeridoaren erabilera irakatsi eta kontzertuak eskaintzen ari da, hauetan Nikolaik didgeridooaren soinua musika estilo desberdinekin bateratzen du, hala nola, folk, rock edo teknoa, estilo pertsonala eta bereizgarria sortuz.

Didgeridooa

Baina zer da didgeridooa? Munduko haizezko instrumenturik zaharrenetakoa da eta Australiako aborigenen kulturatik dator. Izen desberdinak ditu, yidaki edo yurlunggur, esate baterako.
Aborigenek termitek naturalki zulatutako enbor hutsa erabili ohi duten beraien kantu, ospakizun eta ritualetan instrumentu laguntzaile gisa, batek abestu eta makilak jotzen dituen bitartean, besteak didgeridooarekin laguntzen dio. Beraz, ez daude bi didgeridoo berdin. Bakoitzak bere ahots propioa du.
Benetako didgeridooa eukaliptozkoa izan arren, gaur egun, modu eta material askotakoak daude, plastikozkoak (pvc), banbuzkoak, tekazkoak, pitazkoak edo beiraz egindakoak ,esate baterako.

Sinbologia eta natura

Didgeridooa Ama Naturarekin eta munduaren eta unibertsoaren sormenarekin erlazionaturik dago sinbolikoki.
Aborigenen ustez, Yurlunggur ortzadarraren sugearekin du zerikusia. Eta hau lurra eta zerua elkartzen dituen zubia izanik, mundu materiala eta arimen mundua, harremanetan jartzen ditu. Honela, didgeridooa arimen munduan sartzeko tresna bezala erabili izan dute aborigenek betidanik.
Honetaz gain, didgeridooaren hotsa naturan dauden soinu guztien fusioa dela diote. Horrela, naturako soinuak imitatzeko ahalmena dutela diote itsasoaren soinua, adarren eta hostoen mugimenduak edo animalien ahotsak, adibidez. Naturak emandako instrumentua da didgeridooa, beraz natura eta intrumentuaren artean dagoen erlazioa oso estua dela diote aborigenek. •