Txintxarriren web itxuraldaketa

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 16a

Gezurra badirudi ere, ez dugu nahita egin. Honela suertatu da, TXINTXARRIren 750. zenbaki borobil honetan www.txintxarri.info web orrialdearen berritzearen berri ematea. Sarean jarraitzen gaituzuenok konturatuko zineten azaroan gure web orrialdeak itxura berria hartu zuela. Baina hori ez zen nahikoa. Pixkanaka-pixkanaka gauza berriak txertatu, arazo teknikoak konpondu eta azkenean www.txintxarri.info berriaren aurkezpena egiteko garaia iritsi da.

TXINTXARRIn argitaratzen den guztia, kirola, erreportajeak, albisteak, zorion agurrak... hau guztia, sarean www.txintxarri.info web orrialdean argitaratzen genuen. Baina web orrialdea aspaldikoa zen eta zaharkiturik zegoen dagoeneko.
Iazko udaberrian hasi ginen TXINTXARRIren we b orrialdea diseinatzen eta Islada enpresarekin harremanetan gure diseinu eta nahiak gauzatu ahal izateko.
Azarorako web orria itxuraz aldatu genuen; aurpegi berriarekin batera aldaketa eta berrikuntza ugari pairatu ditu www.txintxarri.info web orrialdeak.

Berrikuntzak

Egunerokotasunari eman nahi genion indarra, beraz horretarako azpiegitura frogatu egin behar zen; akatsak zuzendu, egunerokotasunak eskatzen dituen aldaketak egin... Guzti hau prest eta ondo egon denean egin dugu aurkezpena. Atal berriak ere baditu web orrialdean: zorion agurrak argitaratzea, bakoitzaren urtebetetze egunetik aurrera, beraz, egunean bertan zoriontzeko aukera daukazue hemendik aurrera; paperean argitaratutako TXINTXARRI aldizkaria pdfetan ikusteko aukera eta argazki bildumak dira berrikuntza azpimarragarrienak.
Gauzak honela, egunerokotasunari emango diogu garrantzia web gunean. Albisteak gertatzen diren bezain pronto, ahal den azkarren sarean irakurtzeko aukera izango duzue www.txintxarri.infoko jarraitzaileek.
Gainera, gordetzen zenuen elkarrizketa edo albiste interesgarria galdu baduzu, ez larritu, iazko ekainetik honako aldizkariko papereko edizioen pdfak ere zintzilikatu baititugu www.txintxarri.infon. Poliki-poliki, iazko urte osoa eta aurrekoak sartzeko asmoa dugu.
Asteko guardiako farmaziak, herriko telefono interesgarrien zerrenda, kulturako eta kiroletako agenda, oharrak... betiko atalak ere modu garbiago eta txukunago batean jarri ditugu.
Hau guztiaz gain, jai eta ekimen ugariren argazkien bildumak ikusteko aukera dago web gune berrian. Adibidez, Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoian edo Euskararen 7. Maratoian parte hartu bazenuen ziur argazkiren batean agertzen zarela.
Bestelako loturak interesgarriak, ere txertatu ditugu, blog ezberdinetara, hiztegietara edo inguruko hedabideetara sartzeko aukera ere badago.•