Okupazioaren eta palestinar herriaren genozidioaren kontra

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 16a

Nakba-ren (hondamendiaren) 60 urte bete dira. Geroztik palestinarrek euren lurraldean errefuxiatuak dira eta giza eskubideen etengabeko urraketa pairatzen ari dira, nazioarteko komunitatearen axolagabekeriaren aurrean. Honi gehitu behar zaio egun hauetan Israelek Gazan burutzen ari den eraso militar berria. Hau guztia salatzeko Lasarte-Oriako Gerraren Aurkako Plataformak kontzentrazio baterako deialdia egin du.

Ezin dugu onartu sarraski hau. Israelek milaka eta milaka bonba jaurti ditu Gazako lurraldeko populazioaren aurka; 1000 hildako baino gehiago eta 3500tik gorako zauritu eraginez, eta Zisjordanian izan diren protestetan egon diren hilketak eta atxiloketak".
Azkeneko hirurogei urte hauetan Palestinako herriak israeldarrengandik jasaten ari den erasoei azken sarraski hau gehitzen zaiola salatu du Lasarte-Oriako Gerraren Aurkako Plataformak. "Bortizkeria etengabekoa da; hilketak, umilazioak, bizitzeko ezinbestekoak diren baliabideen gabetzea, ura, argindarra eta osasun zerbitzuak adibidez. Gazan, egun huetan gertatzen ari den bezala, gizarte zibilaren kontrako nahitaezko erasoak. Eraso hauek Nazioarteko Eskubideak gizateriaren kontrako krimentzat jotzen ditu”, gogorarazten dute, “Hala eta guztiz ere, Europar Batasunak, gure agintariek barne, Israelekin dituen harremanak indartuz doa, eta Estatu Batuek Israel armaz hornitzen jarraitzen du, oso egoera kaskarrean bizi den gizartea akabatzeko erabiltzen diren armak".
Honen harira, "Israeleko estatuak ordezkatzen duen sionismoak Gazako gizartea masakratu du berriro ere. Israelek ez du Hamasekin bukatu nahi, palestinar herriarekin baizik".

Okupazioarekin amaitu

Gerraren Aurkako Plataformako kideen ustez, okupazioaren amaiera beharrezkoa da segurtasuna eta bakea bermatzeko. "Horretarako gobernuek Palestinako herriak Israeleko estatuaren eskutik jasaten ari den setioa gaitzetsi baino zerbait gehiago egin beharko lukete".
Sarraski hau salatzeaz gain, Udalei eta Eusko Legebiltzarrari “Israeleko gobernuaren ekintzak gaitzetsi dezaten eta gobernu genozida honekin harreman guztiak hautsi dezaten exijitzen diegu".
Hau guztia dela eta, "okupazioaren eta palestinar herriaren genozidioaren kontra" lelopean gaurko kontzentrazio-deia egin dute, arratsaldeko 20:00, udaletxe aurren.•