LOKEko judokak emaitza ezin hobeak eskuratu zituzten, urtarrilaren 11an, Errenterian lehiatutako txapelketetan, kadeteek Gipuzkoako txapelketan eta Beñar Elizaldek Iparraldeko Espainiako Txapelketa sailkapen lehiaketan.
Kadeteak esku bete domin bueltatu ziren Lasarte-Oriara, urrezko domina bat, zilarrezko bi eta brontzezko beste bat eskuratu baitzituzten Gipuzkoako txapelketan.
Honela, Leire Zubizarreta dugu LOKE taldeko 70 kilo azpiko mailako Gipuzkoako txapeldun berria. Leirek borrokatutako lau lehietan iponez irabazi eta puntuazio maximoa lortu zuen.
Baina Amaia Curielek ere txapeldun izateko aukerak izan zituen. "Gero eta hobeto ari da lehiatzen eta ondo aritu da txapelketan, pena epaileen azken momentuko erabakia dela eta, bigarren geratu izana," esan digu Gorka Aristegik.
Mutilak ere fin ibili ziren. "Mario Garrido ere hobetzen doa. Txapelketan bi borroka irabazi eta finala justu-justu galdu zuen. Beraz, bigarren postuarekin konformatu behar," azaldu digu LOKEko entrenatzaileak. Eta, honetaz gain, Esteban Martinezek hirugarren postua eskuratu zuen, "oso ondo borrokatu zituen bere hiru lehiaak, bat irabazi eta beste biak gutxigatik galdu zituen".
Gainera, guztiek Euskadiko txapelketarako sailkapena eskuratu dute. "Orohar, oso lan ona egin zuten Gipuzkoako txapelketan," aitortu du Gorkak.
Espainiako txapelketa
Goizean, berriz, Beñat Elizaldek senior mailako Espainiako txapelketarako sailkapena lortu zuen Iparraldeko sailkapen lehiaketan.
Hiru borroka irabazi eta gero, LOKEko judokak A Coruñan lehiatuko den lehiaketarako txartela lortu zuen. Gorka Aristegi entrenatzaileak azaldu digunaren arabera, "Borrokak oso gogorrak izan ziren baina bera oso azkar ibili zen, borroka guztiak hasieratik kontrolatuz. Eta hor dauka saria, A Coruñan urtarrilaren 30 eta 31n jokatu den Espainiako Txapelketarako txartela."
Lehenengo aldia da, senior mailan, LOKEko judoka batek Espainiako Txapelketarako sailkapena lortzen duena, horregatik Gorka Aristegik bizi zoriontzen du Beñat Elizalde.•