Arranbide-Oztaran "OZTABIDE" auzo-elkartearen balantzea egin nahi dugu.
Zortzi bazkideen artean sortu genuen elkartea eta egun, 20 lagunok osatzen dugu elkartea. Hasieratik udala eta auzoen arteko bitartekariak izatea zen gure helburua, auzoetako arazoak, beharrak eta irtenbideak helaraziz, gure ingurua hobetzeko. Orain arte eta momentu oro, zerbitzu publikoko Martin Moreno zinegotziarekin informazioa trukatu dugu eta bide zuzenetik goazela uste dugu. Momentuz, aparkatzeko arazoari aurre egiteko Arrambiden behin-behineko parking bat lortu dugu. Hala eta guztiz ere Arrambiden eta Oztaranen hainbat eta hainbat arazo soluzionatzeko daude oraindik. Arazo hauek guztiak jasotzen dituen txosten bat eman genion Martín Morenori urte amaieran eta gure elkarteak egin dituen ekintzen berri emango zaie elkarte desberdinen administrariei.
Bestetik, egoera ekonomikoak kezkatzen gaitu. Elkarteen gastuei aurre egiteko dirua lortzeko beste bide batzuk bilatzera bultzatu gaitu: aurten lehen aldiz kaleratu dugu gabonetako loteria eta jendearen onespena izan du, dena agortu baita. Txema taberna (Zumaburu) eta COVIRAN (Oztaran) supermerkatuaren laguntzak ezinbestekoak izan dira, beraz, denei esker mila.
Gure onespena eman nahi diogu hiri-busari, auzoak herriko erdigunera hurbiltzeko modua errazten duelako.
Eskerrak eman nahi dizkiogu udalari, bereziki J.M.Zaballos zinegotziari bilerak egin ahal izateko leku bat utzi digulako. Bide batez, auzokideei bileratan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu: hilero 3.larunbatean bilera egiten dugu, lehen Oztaran ikastetxea izandako eraikinean, goizeko 11etan. Beraz, bihar goizeko 11:00etan bertan ikusten gara.
Oztabide elkarteko kideak