Era berean, txikienek, alebin eta benjamin mailakoek, urtarrileko lehenengo asteburuan hasi zituzten entrenamenduak. Hauek Urbileko aparkalekuetako batean biltzen dira ginkanak egiteko eta Alex Urkiolaren eta Xabier Carbayedaren laguntzaz, txirringaren erabilera eta ezagutza hobetzea da helburua.
Lehenengo ginkana
Txirrindularitza eskola martxan jarri orduko, hasi dira hainbat ekintza antolatzen entrenamenduez gain. Errepidera jotzeko asmoa ere badute, baina hasteko larunbatean ziklokrossa eta BTT uztartu zituzten. Goizeko 10:30ean bildu ziren aipatutako aparkalekuan eta ginkanarekin hasi ziren. Ondoren parkin horretatik hasi eta zirkuitutxo bat egin zuten goian dagoen zelaian. Hirugarrenez ondoan dagoen parkean aritu ziren hainbat ibilbidetxo egiten, bihurguneak ematen eta bidean topa ditzaketen oztopoak saihesten ikasteko.
“Kirol disziplina barneratu nahi diegu haurrei eta txirrindularitzarako zaletasuna bultzatu” aipatzen zuen aurreko astean Alexek. Honelako ekintzak egiten jarraituz gero, ziur lortuko dutela, haurrek ederki gozatu baitzuten.
Eskolan edo honek sortu duen zikloturista taldean parte hartu nahi dutenek izena emate orriak eskura dituzte Kima masajistan eta MKL dendan. •