“Gaur hemen bildu garenok ziur gaude gure herria ziklo politiko berri baten atarian dagoela. Ziklo berri hori atzeraezina dela guztiontzat, eta guztiok hartu behar dugula parte ziklo horrek zehaztapenean eta definizioan, batzuk azken 30 urteotako hondakinekin prestatutako "plater" berri bat aurkez ez dezaten” azpimarratu zuten. Honekin batera D3M plataformaren nahiak ere adierazi zituzten: “errepresioaren eta apartheid politiko eta instituzionalari erantzungo dion indarra izan; benetako aldaketa politikoa, eskenatoki demokratikoa; demokrazia nahi du, herri honetako gizon-emakumeen borondatea oinarri izango duena, Euskal Herriko hiru milioi biztanleren eskubide demokratikoen errespetuan oinarrituko dena; elkarrizketa eta negoziazio prozesu berri bat eraiki; gizarte eredu aurrerakoi baten alde egin; espazio independentista eta aurrerakoia bultzatu; PNVk eta PSEk atzera begira jarri nahi gaituzten bitartean, D3Mk Euskal Herria aurrera begira jarri nahi du.
Deialdia
“Konponbide demokratikoari beste aukera bat eman nahi diogulako gaude hemen, beraz. Euskal Herriko hiru milioi biztanleri bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea aitortuko dion eskenatoki demokratiko bat eraikitzeko” adierazi dute plataformatik. Hautes elkarte gisa osatu ahal izateko, euskal herritarren sinadurak behar ditu D3M plataformak. Gipuzkoan esate baterako 5.700 sinadura inguru behar ditu. Horregatik, larunbateko bilkuran dei egin nahi izan zieten Lasarte-Oriar guztiei sinadura eman dezaten: “alderdien Legea atzean uzteko; alderdi politiko guztiek hauteskundeetan aukera berdintasunean parte hartzeko eskubidea izateko; eskenatoki demokratiko bati ateak zabaltzeko, eta, ondorioz euskal herritarrak beren etorkizunaren jabe izateko eta herri hau aurrera begira jarri nahi dugula aldarrikatzeko.”
Nora joan sinatzera
D3M plataformaren alde sinatu nahi duen orok bi leku ditu horretarako: udaletxean, astelehenetik ostiralera egunero 08:30etik 14:00etara eta arratsaldean asteazkenean bakarrik 16:30etik 20:00etara eta Atsobakarreko Notaritzan, astelehenenetik ostiralera egunero goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez egunero 18:00etatik 19:00etara, ostirala ezik. •