Didgeridooarekin jolasean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 19a

Didgeridoo musika tresna australiarraren berezitasunak eta ateratzen duen doinu bitxia ezagutzeko aukera izan zen ostiral gauean Jalgin. Jam saioan Iban Nikolai didgeridoo joleak parte hartu zuen herriko musikariekin batera. Normalean, Samar taldeko Javi Area, Pascal Gaine, Ritxi Salaberria edota Iñaki Salbador bezalako musikari ezagunekin aritzen da Iban Nikolai, baina herriko bateria, gitarra eta baxu joleen ondoan ere emanaldi bikaina osatu zuen.

Iban Nikolai Oiartzungo musikaria 1997 urte inguruan didgeridooa jotzen hasi eta hiru disko argitaratu ditu bakarlari gisa: Yurlunggur (2002), Didgeridoo Live (2003) eta Didjeridu Hotsak (2003) eta hainbat kontzertu eman ditu, azkena ostiralean Jalgi tabernan. Nabaritu zen Nikolaik gustuko duela zuzenean jotzea. Bere bisita baliatuz, galdera batzuk egin genizkion.

Duela zenbat urte ezagutu zenuen didgeridooa?
Orain 15 urte ezagutu nuen eta duela hamar urte hasi nintzen jotzen. 16 urterekin Londonera joan eta han ikusi nuen lehenengo aldiz; taberna batean kontzertu bat zen eta taldeko batek didgeridooa jotzen zuen. Asko erakarri ninduen soinuak eta instrumentuak. Lau urte beranduago berriro joan nintzen, jada han bizitzera eta orduan, 20 urterekin, hasi nintzen jotzen.

Zerk liluratu zituen bere atzetik joateko?
Nik uste, soinuak. Soinu oso erakargarria da, grabea. Ez da erreza esplikatzeko, ez dakit nola azaldu, baina zerbaitek harrapatzen zaitu eta...

Inprobisazioak leku asko du zure kontzertuetan, ezta?
Bai, asko inprobisatzen da didgeridooarekin. Haizezko instrumentu bat izan arren, perkusiozko instrumentu bat bezala har daiteke, eta perkusiozko instrumentu batekin egiten diren erritmoak egin daitezke. Erritmoak hor daude baina asko inprobisatzeko aukera ematen du.

Ostiralean ez zen taldearekin etorri, baina Lasarte-Oriako musikariek ondo lagundu zioten Australiako aborigenen musika tresnari soinu bereziak ateratzeko. Ibanek Jalgiko Jam sesioetan izaten den berotasuna nabaritu ahal izan zuen. Lau didgeridoo eta multi-efekto deituriko aparatua ere erabili zuen didgeridooari beste soinu batzuek bilatzeko. Kontzertua amaitutakoan jendea gehiagoren gogoarekin geratu zen. Motza egin zitzaien askori bi ordu inguru iraun zuen kontzertuak eta gehiago jotzeko eskatu zuten.

Aborigenekin ikasia

Iban Nikolai gaur egun irakaslea da, didgeridooaren erabilera irakasten du kontzertuak ematearekin batera, baina aurretik, didgeridooa ondo jotzen ikasteko hainbat ikastaro egin ditu eta aborigenekin ere egon zen Australian: "gehienbat" jotzeko era tradizionala ikasi zuen, digeridooa eta makilak. "Han aborigenek erabiltzen dutena hori da, didgeridooa, makilak eta ahotsa, ez dute beste musika tresnarik". Ibanek australiar makilak ere jotzen ditu eta, bestalde, duela urte bete tronboia jotzen hasi zen.
Didjeridooa, munduko haizezko instrumenturik zaharrenetakoa da, dudarik gabe. 20.000 bat urte badituela uste da, Australiako kobazuloetako irudi batzuetan agertzen baita, eta australiar aborigenek diotenez 40.000 urtetik gora izan ditzake. Termitek naturalki zulatutako enbor huts horri zulotik putz eginda soinu grabe bat ateratzen da. Ez daude bi didgeridoo berdin. Bakoitzak bere ahots propioa du. Luzeran 1.5 metrotik 2 metrotara neurtzen dute eta diametroak 2 eta 5 zentimetro artekoak izaten dira.

Naturak sortua

Aborigenen musika tresna izanik, naturarekin lotura estua du. Aborigenek eurek diotenez, didgeridooaren hotsa natur-soinu guztien fusioa da: naturak emaniko tresna da eta naturako soinuak imitatzeko balio du.
Europako hainbat erakustaldietan izan da Iban Nikolai eta Australiako aborigenek sortutako Garma festibalean ere kontzertu bat eskaini zuen. •