Haurrak larrialdietako laguntza ezagutzen

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 19a

Amaraun ludotekako haurrek goiz berezia izan zuten larunbatean. Herriko DYAko laguntzaileek anbulantzia bat eraman zuten ludoteka kanpora eta nolakoa den erakutsi zieten haurrei. 4 eta 8 urte arteko haurrek ikusi zuten anbulantzian zein tresna, material eta sendagai eramaten diren eta horiek zertarako, zein kasutan eta nola erabiltzen diren ezagutzeko aukera ere izan zuten. Gero tresneria eta sendagai garrantzitsuenak probatzeko eta beraien artean sendatzen aritzeko aukera izan zuten. Azken finean istripu edo larrialdien aurrean lehen laguntza emateko lehenengo pausua izan zen atzokoa.

Lasarte-Oriako DYA sorospen zerbitzuko laguntzaileek anbulantzia eraman zuten larunbatean Ola kalean dagoen Amaraun Ludotekako atera. Bertan larunbat goizetan elkartzen diren haurrentzat ikuskizuna izan zen hori eta gainera, istripu edo larrialdiren bat gertatzen denean, zaurituari lehen laguntza emateko moduari buruzko lehen ikasgaiak jaso zituzten haurrek.
Larrialdiak gertatzen direnean sorospen zerbitzuek izaten duten jokabidearen eta larrialdiei ematen zaien erantzunaren berri izan zuten haurrek zuzen zuzenean.
Horrela DYAko laguntzaileek, Korok eta Arantzak, anbulantzian erabiltzen diren gauzen berri eman zien. Gero, besteak beste, kamilla, lepoko, benda, guraize, betadine edota beste zenbait sendagai,... eta abarrekin jolasteko aukera izan zuten Amaraun ludotekan elkartu ziren haurrek.
Arrakastarik handiena kamilla eta eskilarak jaisteko aulkiak izan zuten; banan bana nahi zuten haur guztiek probatu ahal izan zituzten biak.
Batak besteari larrialdietako sendaketak eginez, sorospenean lehen pausuak emateko aukera izan zuten. Oso ondo pasa zuten goizeko 11:30etik aurrera egin zen erakustaldian. Haurrek ez zuten detailerik galdu nahi eta argazki kamara eskuan hartu eta Sara Izagirrek, Angeli Gonzalezek eta Naia Gurrutxagak argazki ederrak atera zizkieten lagunei. Gurasoren batek susto galanta ere hartu zuen anbulantzia ludotekaren atariak ikustean!
Ludotekako kideek beraien eskerrik beroenak eman nahi dizkiote DYAri, Korori eta Arantzari emandako laguntzagatik.•