Oraingoan pentsatu dugu energia horri herdoiltzen utzi gabe, berriz ere kaleratzea. Zer hobe inauteriak baino?
Oraingoan prestatu dugu festa ederra! Adin guztiak parte hartzeko moduko jai mundiala! Kalejira eta aktuazioekin. Zirko Mundiala etorriko da Lasarte-Oriara otsailaren 21ean! Txiki eta handientzat, neska eta mutilentzat, biloba eta aitonentzat... zatoz eta gozatu gurekin!
Herritarrei eta elkarteei parte hartzeko deia
Aurten Ttakun Kultur Elkarteak eta Zabaleta Auzolanek bat egin dute inauterietan eta batera egingo dute desfilea. Elkarte honetaz gain, herriko beste elkarte eta erakunde batzuekin jarri gara harremanetan ea denon artean festa erraldoi hau aurrera ateratzen dugun. Elkarteez gain norbanakoei luzatzen diegu gonbitea gurekin batera parte hartu dezaten. Dagoeneko batzuengana jo dugu eta oraindik gauzak zehazten ari bagara ere, denek azaldu dute jarrera positiboa; denek dute gogoa festa erraldoi polit bat antolatzekoa.
Zirko Mundialaren partaideak
Gure Zirko Mundialean munduko animalia domatzaile onena izango dugula esa dezakegu dagoeneko. Zirkoaren inguruan beti ibiltzen dira “ferianteak” eta gurean ere noski, bertan izango dute lekutxo bat. Beraz ziurtatu dezakegu tonbola mundiala eta zoragarri bat izango dugula opari izugarri, harigarri, bitxi eta garestiekin. Gazteek autotxokeak eta zenbait postu jarriko dituzte.
Hauetaz gain, Indiako Elefante erraldoiak, Malasiako eta Siberiako tigreak, Mongoliako zaldiak eta Serengetiko krokodiloak karibeko loritoekin batera izatea espero dugu.
Inoiz ikusi gabeko malabaristak, Bulgariako funanbulistak, Ukraniako ekilibristak... magia sinestezinak, mundu mailako marka harrigarrienak egingo dituzten gizon eta emakume indartsuak...
Esan bezala, ferianteak ere izan nahiko genituzke, punteria fintzeko frogekin. Etorkizuna iragartzen duen sorgina... Deliko suge enkantatzailea...
Hauetako pertsonaiaren bat, edo gogoko duzun besteren bat izan nahi baduzu, ez izan zalantzarik, deitu edo pasa Ttakunetik eta hartu parte gure Zirko Mundialean!
Gure proposamena larunbatean egun pasa ederra egitea da, deialdia eguerdiko 13:00etarako egin dugu Gazte Bilguneko Lokalean (Iñigo de Loiola kalean). Bertan jantziari azken ikuttua eman, aurpegia margotu eta bazkari mokadu bat egin. Ondoren, Zirkoa Mundialaren kalejira zaratatsu eta alaia egingo dugu herrian zehar arratsaldeko 16:00etan hasita. Ibilbidean hiru geldialdi izango ditugu, aktuazio eta guzti, Andatza, Isla eta Okendo plazetan.
Afaria
Ibilbidea amaitutakoan, nahi duenak aukera politta izango du jaiarekin jarraitzeko, afaria antolatu nahi baitugu Zirko Mundialeko "artista" guztientzat. Oraindik erabat zehaztu gabe dugu lekua eta prezioa (haurrentzako eta helduentzako menu ezberdinak egongo dira).
Izango duzue afariaren berri hurrengo Txintxarrietan guztia zehaztu ahala. Hala ere edozein zalantza edo izanez gero, jo ezazue lasai Ttakunera (943 371448).
Ttakunetik festa bikain hau, euskaraz gozatzeko aukera eman nahi diogu edonori. Haur, gazte, heldu eta ez hain gazteei. Denei. Berreskuratu dezagun euskararen maratoiko izpiritua eta heldu diezaiogun berriz. •