Udalak eta Xpressionek hitzarmena berritu dute

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 22a

Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak aurretik Xpression kultur elkartearekin sinatutako hitzarmena berritu du.
Honen bidez, musika estilo askotariko taldeek bisitatuko dute udalerria. “Bere baitan 13 emanaldi hartzen dituen urte osorako akordioa da eta talde ezezagunei aukera emateko,” azaldu zuen. Ana Urchueguia alkateak asteartean egindako prentsaurrekoan.
Lasarte-Oriako gazteei aisialdirako aukera berri bat eskaintzetik dator hitzarmenaren ideia, joan den urteko urrian lehenengoz martxan jarri zena. “Gazteei aisialdirako aukera berria eman nahi diegu eta, era berean, Kultur etxeari gazteei lotua dagoen erabilera,”aipatu zuen Lasarte-Oriako alkateak.
Kontzertuak hamabost egunero behin dira, ostiraletan 20:00etan. Lehen hitzordua gaur dugu. Florencia Begue abeslari argentinarrak bosa nova eta jazzean oinarritutako erritmoez betetako kontzertua eskainiko du.
Hitzarmenak berak jasotzen duen moduan, Lasarte-Oriako Udalak 3.950 euroko laguntza emango dio Xpression elkarteari eta, horren truke, honek bere azpiegitura jarriko du tankera honetako ekitaldietarako, koordinazio eta gestiotik hasita emanaldiaren publizitateraino.
Jokin Telleria Xpressioneko kidea oso pozik agertu zen 2008ko ekimenaren 5 kontzertuek harrera ezin hobea izan dutelako eta berriro ere udalarekin lan egitearekin, “Lasarte-Oria izan baita Xpression zirkuituan era finkoan parte hartu duen lehenengo udala.”

Kafetegia kudeatzea

Gainera, Gazteria eta Festetako sailak udalerriko irabazi asmorik gabeko GKE, entitate eta taldeei kultur etxeko kafetegiko zerbitzua beren gain hartzea eskaini zien kontzertu hauetan.
Alkateak eta Zaballosek azaldu zutenez, "hiru taldek eman dute izena, batek azken momentuan atzera egin eta biren artean banatuko ditugu:hemendik ekainera arte, Juanjo Maraten GKE eta irailetik aurrera Lasarte-Ursurbil Institutua egongo da. Era berean, eskerrak eman behar dizkiegu bi talde hauei egingo duten lanarengatik."
2008an, Lasarte- Usurbilgo Institutuko gazteen esperientzi ona izan dela ere azpimarratu zuten, “gazteeak ongi moldatu dira eta gurasoak ere oso pozik agertu dira.”
2010ean ekimenarekin jarraitzeko asmoa ere azaldu zuten Udal ordezkariek.•