XV. Pala txapelketan izena emateko epea astelehenean zabaltzen da

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 23a

Ostadar Kirol Fundazioak gomazko pilotarekin jokatzeko XV. Pala Txapelketa antolatu du. Astelehenean txapelketan izena emateko epea irekiko du eta otsailaren 6ra bitartean zabalik egongo da. Edizio honetan parte hartu nahi dutenek Ostadarreko bulegoan eman behar dute izena, astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00ak bitartean.

Ostadarrek antolatzen duen txapelketa honen ezaugarrietako bat gomazko pilotarekin jokatzen dela da.
Imanol Bardaji txapelketako antolatzaileak adierazi duenez, "honen helburua bertakoa den kirol modalitate hau herrian sustatzea da. Horretarako parte hartzen duen bikote bakoitzetik behintzat bat herrikoa izan behar du, nahita nahiez. Modu honetan, kirol hau sustatzen saiatzen gara gure herrian desagertu ez dadin eta gazteenek kirol hau ezagutzeko eta jolasteko aukera izan dezaten."
Partidak aurreko edizioetan bezala, udal instalazioetako frontoian, Michelingo frontoian, jokatuko dira asteburuetan. Txapelketan izena ematen duten bikoteen arabera egutegi bat zehaztuko dute. Antolakuntzatik adierazi dutenez, ziurrenik txapelketako otsailean bertan jokatzen hasiko dira eta maiatzaren hasierara arte luzatuko dira jardunaldiak.
Bilera bat egingo dute otsailaren 11ean, arratsaldeko 19:00etan, Ostadarreko bulegoan (Geltoki Kalea 25). "Ezin bestekoa da bikoteetatik behintzat bat bilerara etortzea. Egun horretan taldeen zozketa egin eta txapelketaren funtzionamenduaren berri emango baitugu, batez ere txapelketan inoiz parte hartu ez dutenentzako." •