Osasun-zentro berriak 1.500 m2 -aurrekoa baino 400 m2 gehiago- eta 28 kontsulta izango ditu, lehen baino 7 kontsulta gehiago: familia-medikuntzako 18 (lehen baino 5 gehiago), pediatriako 3 (1 gehiago), ginekologiako 1, emaginarentzat 1, azterketa ginekologikoentzat 1, taldeko jardueretarako 1, eta froga funtzionalentzako 3 (1 gehiago).
Langile gehiago
Kontsulten kopuruaren gehitzearekin batera, langile kopurua handiagoa izango da ere: pediatra bat, familiako mediku bat, erizain bat eta administrari laguntzaile bat. Gainera, egun Usurbilgo Zaharren Egoitzako medikuak anbulatorio berrian egun erdiz lana egingo du. Horrela, mediku bakoitzak gaixo gutxiago izango ditu eta hauekin denbora gehiago egon ahal izango da, Inclanek adierazi zuenez. Honen harira, "lehen mailako arreta eskuragarria eta kalitatezkoa eskaini nahi dugu".
Udalak 3.700.000 eurotako inbertsioa egin du anbulatorioaren eraikuntzan eta Osakidetzak 200.000 eurotako gastua egin du azpiegituran eta altzarietan alkateak, Ana Urchueguiak, eskaini zituen datuen arabera. "Udalerriaren beharrei erantzungo dion eraikin moderno bat egin dugu. Bitartekoak jarri ditugu, baina osasun zerbitzua hobetzen jarraitzeko Osakidetzari zerbitzu gehiago eskatzen jarraituko dugu".•