Eta astelehenekoa izan zen gaia berriro jorratu zen eguna. Ohiz kanpoko bilkuran, Jose Encinas PPko zinegotziak Aurrekontuen kontrolerako Batzorde Bereziko funtzionamendu berregituratua aurkeztu zuen. Eta udal-batzarrak batzorde berezia sortzea onartu zuen PSEE, EAJ-PNV, PP eta LOHPren aldeko botoekin. EBko zinegotzia aurka agertu zen eta adskribatu gabeko zinegotzia abstenitu egin zen.
Joxe Goikoetxea adskribatu gabeko zinegotziaren hitzetan, "ogasun batzordea hor dago eta hori aktibatzea garrantzitsua ikusten dugu guk."
Rikardo Ortega EBko zinegotziak zioenez "nolabait zinegotzi bakoitzari dagokion eginkizunak daude proposamen horretan eta aurrekontuen zirriborroa aztertzeko arazorik ez dago gaur egun. Ez dio balio erantsirik emango egun dagoen ogasun batzordeari eta horregatik bozkatzen dugu aurka."
Ana Urchueguia alkateak PSEEren aldeko bozka azaldu zuen."Ogasunaren batzordearen eginkizuna da, baina ez daukagu ezer ezkutatzeko eta horregatik eman dugu aldeko botoa. Gainera, ongi deritzogu krisi batzordea egitea, ez baita bakarra izango. Estatu, Foru Aldundi eta udalek ere, EUDELEn bidez, bat egingo dute egoerari aurre egiteko. Nahiz eta inork ez dakien zer den zehazki gertatuko dena."
Batzorde berezia
Talde popularraren proposamenean batzorde bereziaren eginkizunak azaltzen dira, "Aurrekontuen Kontrolerako Batzorde Bereziaren eginkizuna eztabaida, onarpen, gauzatze eta kitapen faseetan aurrekontuaren kontrola eta honen ikuskatzea da."
"Era honetara, zinegotziek laguntza edo aholku independentea izango dute hauei dagokien funtzioa era egokian eta iraunkorrean burutu dezaten," jarraitzen du testuak.
Era berean, aurrekontuaren kontrola era eraginkorrean egiteko, funtzionamendu modeloa eta mekanismo eta baliabideak aztertu eta zehaztuko ditu eta aurrekontuak kudeatzen eta betearazten dituzten sail edo elkarte autonomo desberdinen organoekin harreman zuzena izan dezake.
Encinasek udal batzarrean azaldu zuen bezala, "Udal taldeek ogasun batzordean duten ordezkari kopuru bera izango dute eta udal-ikuskatzaileak ere parte hartuko du. Batzordearen presidentea zinegotziek erabakiko dute".
Honetaz gain, batzordearen bilkurak aurrekontuen faseekin bat burutzea proposatu du PPk, beraz, lau bilkura urteko.
Aldibereko itzulpena
Bestalde, irudi bitxia ikusi genuen aste honetako bilkuran, hainbat zinegotzi entzungailuak zituzten. Entzungailu horiek udalean ezarri den berrikuntza teknikoaren zati bat besterik ez dira, aldibereko itzultzailea.
Sistema honen bidez, itzultzaile profesional batek zinegotzien hitzak euskaratik gaztelerara itzultzen ditu aldi berean, bilkurako erritmoa hautsi gabe.
Beraz, gure zinegotziak entzungailuekin ikustera ohitu beharko gara. •