Oinatz taldeak bere urteko plangintzari jarraituz otsailaren 8an Irteera kulturala antolatu du Adarra mendi inguruan dagoen Aranoko estazio megalitikoa bisitatu eta, ondoren, babarrun jana egiteko.
Bi aukera
Irteera goizeko 8:00etan izango da Bexabitik. "Argitu behar da ibilbidea gutxi gora behera hiru ordu eta erdikoa dela. Hainbeste ibili nahi ez dutenek ordea izango dute irteeran parte hartzeko aukera ere," azaldu digute Oinatz taldekoek.
Oinatzek eskaintzen duen bigarrengo aukera, Aranora kotxez joan eta bertatik estazio megalitikora abiatzea da. "Hau gutxi gora behera 30 minutuko ibilbidea da," aipatu digute.
Beraz, estazio megalitikoan elkartuko dira bi taldeak. Bertan, histori aurreko monumentu hauen inguruan jakintsuek diotena ezagutzeko aukera izango dute irteeran parte hartzen duten herritarrek.
Estazio megalitikoa
Aranoko estazio megalitikoa nahiz eta Nafarroan egon, Gipuzkoako Onyi-Mandoegi estazio megalitikoko zati bezala dago onartua eta cromlechak dira nagusi.
Etzela, Unamene eta Errekalko multzoetan banatuak 75 bat harrespila daude herriaren inguruan eta hauetako batzuk ikustera joango da Oinatz taldea.
Babarrun jana
Ariketa eta kulturaren ostean, energiak berreskuratzeko ordua dator. "Denok elkarrekin babarrun goxo batzuk, bedeinkazio guztiekin, jatera joango gara Aranoko ostatura," esan digute Oinatz taldekoek, "haurrentzako menua ere egongo da, frijituak, xerra eta izozkia."
Honela taldeak herritarrak animatu nahi ditu irteeran parte hartzera, "umore ona faltako ez denez egun pasa ederra egin ahal izango da.”
“Gainera, Oinatzek antolatutako irteera hauek oso egokiak iruditzen zaizkigu euskara ikaste prozesuan dabiltzanontzat edo ohitura faltaz motelduta daukatenontzat," atxiki dute.
Era berean, "ibilbidea nola egingo duzuen jakin behar dugu. Denok kotxez joan eta etorri elkarrekin egingo baitugu," azpimarratu dute.
Txartelak erosi
Irteerarako txartelak Ttakun Kultur elkartean eskuratuko dira. Helduen txartelak 18 euro balio ditu eta 6 euro, aldiz, haurrenak. Txartelak erosteko azken eguna otsailak 4 izango da.
Informazio gehiagorako hurbil zaitezte Ttakunera edo 943 371 448 zenbakira deitu.•