Euskal jantzi tradizional eta bainika ikastaroek jarraipena izango dute

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 23a

Euskal jantzi tradizional dotorea edo bainikaz apaindutako mantala edo soinekoa. Nork ez luke horrelakorik nahi? Ba Ttakun Kultur elkarteari esker berriro ere aukera duzu.
Abenduan arrakasta handiz burutu ziren bai jantzi tradizionalak egiteko ikastaroa eta baita bainikak egiten ikastekoa ere. Bat bestearen osagarri izan ziren eta bertaratutako ikasle zenbaiten maila bikaina izaki, uste baino janzki gehiago egin ahal izan zituzten Ione Artola jostun irakaslearen laguntzari esker.
Oso dotore ikusi genituen Santo Tomas egunean eta Gabon egunean kalean. Baina ikastaroa motz xamar geratu zen sentsazioarekin bukatu zuten gehienek eta aurrera egiteko gogoz geratu zirenez berriz ere ekiteko asmoz dago Ttakun kultur elkartea.
Bitxiak egiteko ikastaroa ere oso arrakastatsua izan zen. Hau ere motz geratu eta egun bat gehiago luzatu zen. Bertan egindako pitxiei esker batek baino gehiagok jasoko zuen opari dotorea Gabon hauetan.

Eskulangile taldea sortu

Ondorioztatzen denez, esku trebetasuna eta gustu asko duen ikasleri potentziala dago herri honetan eta ikastaroetan erakutsi dutenez beste eskulan zenbait egiteko abileziak ere badituztela ikusiz, dei egiten zaie edozein era eta material erabiliz apaingarri politak egiteko gai direnei jar daitezela harremanetan Ttakunekin Dekorazio, apainketa, jantzi, koustomizazio, zaharberritze eta dena delako eskulanetan trebezia dutenei elkarrengandik ikasi daitekeelako.
"Uste dugu zenbait eskulangilerekin taldetxo bat sortu dezakegula antolatzen ditugun ekitaldietan talde iraunkor honek aportazio ederrak egin ditzakeelako gure jarduerak gozatzen," esan digu Mailu Arruti ikastaroetako arduradunak.

Euskararen erabilera

Gustuko lanak eginez, lagun berriak ezagutu, aisialdia bete euskaraz. Hori zen helburua eta hala gertatu da. Hizkuntza aldetik euskaldun berriek diotenez oso asegarriak izan dira jarduera hauek. "Garrantzi beraz baloratzen dugu ikastaro hauek zuten hizkuntza helburua ere, "esan digu.

Biltegia eta ikastaroak

Erriberako lokalean martxan dago dagoeneko Jantzi biltegia ere. Orain inauteriei begira berriz dei egiten da bai jantziak uzteko eta baita mozorrotu nahi izan ez gero maileguan hartzeko ere.
Jantzi tradizionalak egiteko ikastaroa bi ordutako 16 saiotan egongo da banatua eta asteazkenetan 15:00tatik 17:00etara egingo da otsailetik maiatza bukaera arte Ttakunek Erribera kalean duen lokaletan. Ikastaroak 40 euro balio ditu eta materiala bakoitzak jarriko du.
Bainika egiteko zortzi saio egingo dira, hauek ere bi ordutakoak. Asteartetan egingo da 15:00tatik 17:00etara otsaila eta martxoan lokal berean eta 20 euro ordaindu behar dira bertan parte hartzeko.

Izena ematea

Ikastaroen ordainketa ez da izena emateko egunean egingo, behin ikastaroa hasitakoan baizik. Ttakuneko bazkideek %10eko beherapena izango dute ikastaroen prezioan.
Ikastaroetan izena emateko edo hauen berri gehiago jakiteko deitu 943 371 448 telefono zenbakira. •