Leire Zubizarretak brontzezko domina nazioarteko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 23a

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko judokak berriz ere, asteburu bikaina izan dute. Leire Zubizarretak Villa Madrid nazioarteko txapelketan brontzea eskuratu du; Gipuzkoako txapelketan, Iñaki Elizalde txapelduna izan da eta Asier Sagastik eta Amaia Curielek brontzea irabazi dute.

Azken aldian Lasarte-Oria Kirol Elkarteko judokak kiroletako titularretan agertzen dira. Ez da azken txapelketetako gauza, azken urteetakoa baizik. Eta ez da gutxirako. Gorka Aristegi entrenatzaileak aurreko denboraldian esan zigun moduan, entrenamenduen eta ondo egindako lanaren ondorio dira orain eskuratzen ari diren emaitzak.
Leire Zubizarreta LOKEko judoka aurreko asteburu osoa Madrilen igaro zuen, kadete mailako Villa Madrid nazioarteko txapelketan parte hartzen.
Hiru borrokaldi egin eta gero, brontzezko domina lortu zuen. Lehenenegoan madrildar bati irabazi zion; final aurrekoan Italiako txapeldunarekin neurtu zituen indarrak eta Leirek gauzak ondo egin arren, italiarrak garaitu zuen; azken borrokaldian beste italiar bat egokitu zitzaion eta honi irabazita eskuratu zuen domina.
Gorka Aristegiren ustez, Leirek Madrilen lortutako emaitza oso garrantzitsua da.

Gipuzkoako Txapelketa

Honetaz gain, LOKEko judokek, Zarautzen, Gipuzkoako Junior Txapelketan eta alebinen Gipuzkoako kirol Topaketan parte hartu zuten aurreko asteburuan.
Junior kategorian, Iñaki Elizaldek, Asier Sagastiak eta Amaia Curielek parte hartu zuten.
Hauek ere zoriondu behar ditugu oso emaitza onak lortu baitzituzten: Iñaki Elizaldek borrokaldi guztiak irabazi ondoren Gipuzkoako Txapelduna izan da; Asier Sagasti akats txiki batengatik finaletik kanpo geratu zen eta brontzea eskuratu zuen eta Amaiari gauza bera gertatu zitzaion. "Bost segundo falta zirenean kontzentrazio akats bat egin eta finalik gabe gelditu zen. Hala ere, bere progresioa oso ona da, kadetea dela kontutan hartzen badugu."
Laura Azkue, Alex Salsamendi, Haritz Urdangarin, Asier Zubizarreta, Oscar Garrido, Fermin Balda eta Mikel Gonzalez alebinak ere oso ondo aritu zirela esan digu Gorkak. Denak Gipuzkoako finalerako sailkatu dira. •