Eta iritsi zen haurrek gogoz eta ilusioz espero zuten eguna, San Sebastian egunaren bezpera. Goiza ateri eta hego haizea egon zen arren, arratsaldeko lauetarako, danborrariek ikastetxeetako jolaslekura atera behar zuten momentuan, izugarrizko euri zaparrada botatzen hasi zen. Hala eta guztiz ere, euriak ez zien festa hondatu: aurreko egunetan prestatutako arropak jantzi, danborrak hartu eta batzuek aterpean, besteak gimnasioan, denek jo zuten danborra.
Aterpe baten bila
Sasoetan gimnasioan jotzea erabaki zuten eta egia esan, soinketa lekua lepo egon zen, danborrariz gain, senitartekoak ere lekua aurkitu baitzuten bertan. Garaikoetxean saskibaloi-zelaiko estalpean jo zuten, baina hemen guraso, aiton-amonek, izeba-osabek... aterkiak ireki behar izan zituzten. Denak ez baitziren estalpean sartzen. Landaberriko Zubietako eraikineko ikasleek berriz, anfiteatroan jo zuten. Landaberriko Zubietako eraikineko ikasleek berriz, anfiteatroan elkartu ziren danborrak astintzeko.
Astelehenean, beraz, euriari aurre egin zioten Lasarte-Oriako danborrariek. Konpainia desberdinetan, gogoz eta dotore jantzita jo zituzten herriko himnoa eta Raimundo Sarriegiren piezak. Denek txintxo-txintxo jarraitu zituzten zuzendarien aginduak.
Asteartean, berriz, ikasle askok Donostia aldera joango ziren haurren danborradak ikustera. Hauek Lasarte-Oriakoak baino zorte handiagoa izan zuten eguraldiarekin.
Inauteriak
San Sebastian eguna pasa da eta danborrak, makilak eta jantziak jaso eta hurrengo jaialdia prestatzeari ekingo diote, laster kaldereroak eta inauteriak izango dira eta.
Gogoratu otsailaren 21ean Zirko Mundiala etorriko dela Lasarte-Oriara. Adin guztiak parte hartzeko moduko jai mundiala.•