Goitik behera blai bukatu zuten Donostiako LIV. Nazioarteko Krosean parte hartu zuten kirolariek. Senior mailan neskatan Ukraniako Aniko Kalovics eta mutiletan Eritreako Medhin izan ziren garaileak baina goizeko 10etan hasita ehundaka kirolari aritu ziren lasterka hipodromoan. Horietatik zortzi izan ziren Lasarte Oriakoak, kross herrikoian lau atera ziren, Saioa Olasagasti eta Itoitz Rodriguez alebinen lasterketetan, Guillemo Huguet jubeniletan eta Gonzalo Sukunza nagusietan. Besteak bezala saiatu ziren baina ez zuten lehen postuetan izaterik lortu.
Euria eta lokatza izan ziren protagonista atzo igandea goiz-eguerdian burutu zen Donostiako Krosean. Ez zuen ia goiz guztian atertu eta ikusleak tribunatan babestu ziren. Bete egin ziren Lasarte-Oriako hipodromoko eserlekuak eta lokatzetan korrikalariek egindako ahalegin bikainaz gozatzeko aukera izan zuten. Guztira hamaika lasterketa izan ziren.
Hasteko proba herrikoia egin zen, ondoren haur eta gaztetxoak aritu ziren eta bi proba nagusiak, emakume eta gizonezkoena, hasi aurretik minutu bateko isilunea gorde zen Pascual Ugartemendia 45 urtetan helmugako epaile izandakoaren oroimenez. Hernaniarra zen jaiotzez, Aieten bizi izan zen baina Lasarte-Oriarekin lortura handia izan zuen. Mitxelinen egiten zuen lan eta helmugan hiru aurrenekoak posdiumera eramateaz arduratzen zen.
Emakumeen proban hasieratik aurreratu zen Ukraniako Kalovics eta saiatu ziren arren atzekoek ez zuten harrapatzerik izan. Bigarrena Soud Kambouchia keniakoa izan zen eta hirugarrena Marta Dominguez espainiarra.
Eliteko proban gazteen nagusitasuna nabarmendu zen. Mutiletan ere oso gazteak izan ziren lehen postuetan. Hiru beltz izan ziren podiumean: aurrena 19 urteko Teklemarian Medhim eritrearra eta ondoren bi keniar, Micah Kogo eta Kiprono Menjo.
Ikusleen artean pertsona ezagunik izan zen, horien artean Juan Karlos Perez abeslaria. Bere seme Jon Perez-ek irabazi zuen alebin mailako proba. Olatz Flores izan zen bestalde garaile neskatan infantilen arteko proban.