LOKEko atletek domina uzta handia pista estaliko txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 26a

Urtarrilaren 17 eta 18ko asteburuan Gipuzkoako txapelketa Absolutua lehiatu zen Anoetako Belodromoan, bertan LOKEko atletek parte hartu zuten eta azpimarragarria da taldeko nesken lana, Maria Montero eta Irati Larrañagak urrezko eta zilarrezko dominak eskuratu baitzituzten.
Honela, Maria 60 metro hesiak probako Gipuzkoako txapeldun berria dugu eta Irati, berriz, jauzi hirukoitzean txapeldun ordea.
Baina hauek ez ziren lasartear bakarrak izan. Real Sociedad-Fiatc taldean, Jose Ramon Latorre herritarra dago. 60 m eta 200 m probetan parte hartu eta bietan gailendu zen. Leticia Tiati LOKEko atleta ohiak ere pisu proban parte hartu zuen Kraft-Atlc. San Sebastian taldearekin eta hirugarren postuan bukatu zuen lehia.

Beste txapelketak

LOKEko atleta gazteek, abendutik hona ez dute atseden asti askorik izan, hiru txapelketetan parte hartu baitute:Junior, Jubenil eta Kadete mailako Gipuzkoako txapelketa abenduaren 26 eta 27an, maila bereko Euskadiko txapelketa urtarrilaren 10ean, eta proba konbinatuetako Euskadiko txapelketa urtarrilaren 3 eta 4ean. Emaitza onak lortu dituzte gainera, markak hobetuaz.
Neskei dagokionez Irati Larrañaga jubenil mailako euskadiko eta gipuzkoako zilarrezko domina eskuratu zuen jauzi hirukoitzean eta altueran, bigarren izan zen Gipuzkoakoan eta hirugarren Euskadikoan; Eneritz Imaz kadeteak, Gipuzkoako txapelketan bi zilarrezko domina eskuratu zituen pisu jaurtiketa eta 60 m. Proban, Euskadikoan hirukoitzean ere bigarren postua lortu zuen eta proba konbinatuetan, tetratloian Gipuzkoako 3. eta Euskadiko 4. izateko puntuak eskuratu zituen eta Maria Monterok ere bi zilarrezko domina eraman zituen etxera Gipuzkoako txapelketan 60.m. hesiekin eta 400 m.
Mutiletan, berriz, brontzezko dominak izan dira nagusi: Gaizka Ormazabalek jubenil mailako Gipuzkoako txapelketan 200 metan eta Euskadikoan 400 m proban eta David Vitores juniorrak, aldiz, Gipuzkoako txapelketan altuera eta jauzi hirukoitzean.
Baina pistaz gain, LOKEk krosean ere trebatzen ditu gazteak. Honela Guillermo Huguetek Donostiako Cross Beachean hirugarren postua eskuratu zuen jubenil mailan eta Itoitz Rodriguez alebinak ere postu bera lortu zuen Erregeen Krosean.
LOKEko entrenatzaile den Oscar Goikoetxeak balorazio ona egin digu txapelketa hauek guztienak, baita taldeari buruzkoa ere, "taldean giro ona dago, lan asko egin dute eta guztiek markak hobetu dituzte." •