Urte berri gaur Txinan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urt. 26a, 01:00

Txinako egutegian 4.707garren urtea hasiko da gaur. Txinarrak senditartekoekin afaltzeko elkartu ohi dira urteko azken egunean eta gau luzea izaten da. Hemen ere berdina egin zuten, elkarrekin afaldu eta gaur astelehena euren negozioak zabaldu egingo dituzte. Urte osoan hemengo egutegia darabilte eta urtarrileko azken astelehena izango da beraientzat ere.

Urte berria hasten dute gaur Txinan, baina Lasarte-Oriako txinatarrek, oro har, ez dute ospakizun berezirik egingo. Atzo, igandean, ospatu zuten hemen gabon zaharraren parekoa, hau da, 4706. urteko azken eguna eta gaur, astelehenean, 4707. urteko lehen eguna.
Urte berri bada ere, Txinatik urruti daude eta herriko denda zein jatetxeak beste egunetan bezala ireki egingo dute. Pablo Mutiozabal kaleko jatetxea atzo ere, igandez, Txinako urte zahar egunez irekita egon zen. Bertako langileek afaria egin zuten ospatzeko hango plater tipikoekin.
Geltoki kaleko 14an denda daukaten txinarrek esan zigutenez ez zuten ezer berezirik egiteko asmorik. Geltoki 4an denda dutenek, aldiz, familian elkartu ziren bart afaltzeko baina senideak urruti dituzte eta eurak bakarrik, Lasarte Oriakoak, elkartu ziren.
Aurten dena den, Gipuzkoan bizi diren txinarrek ospakizuna aurreratu egin zuten. Urtea aldatu baino hamar egun lehenago ospatu zuten, urtarrilaren 15ean Kursaalean.
Hango zenbait dantza taldek eskaini zuten ikuskizunean ez zen Txinako opera tradizionalik falta. Guztira milatik gora dira Gipuzkoan bizi diren txinarrak. Festa koloretsua eta Txinako ohituretan oinarritua izan zen.

Lan eguna

Bestela, argi dago oso langileak direla txinarrak. Fama hori dute eta euren herrialdean festa handia ospatzen badute ere, hemen bizi direnek, hemengo egutegiaren arabera funtzionatzen dute eta egun hauetan bestetan bezala lana egin dute.
Urtearen aldaketarekin ikuskizun handia prestatzen dute urtero Pekinen eta Txina osoan ikusten da telebistaz. Urteko azken gauean izaten da Txinako ohitura eta tradizioetan oinarritutako festa koloretsu handi hori: dantzak, txotxongilo antzezlanak, operak, arte martzialak, su artifizialak, abeslariak...
Lasarte-Orian bizi diren txinatarrek gustuko dute gala hori eta batzuek behintzat ikusiko dutela esan digute. Egunean bertan ezin badute internet bidez jaitsiko dute. Lau-bost ordu irauten du, telebistaz Txina osoan ikusten den Pekingo ikuskizunak.
Geltoki kaleko dendatan galdezka aritu gara eta ez dute ahaztu nola ospatzen den urte zaharra Txinan. Jan eta edan egiten da egun horretan hemen bezala. Gaueko 12etan su artifizialak botatzen dituzte leku askotan eta gau guztia pasatzen omen dute festan edota telebistako ikuskizunari begira.
Xin nian kuai le, beraz, urteberri ona opa diegu Lasarte-Oriako txinarrei.

Animaliak urte bakoitzeko

Gure horoskopoa jaiotako egunaren araberakoa da, zeinu batekoak edo bestekoak garen jakiteko jaio garen egunari begiratzen zaio. Txinan aldiz jaiotako urtearen araberakoa da. Hamabi animali aldatzen dira, Shu (arratoia), Niu (zezena), Hu (tigrea), Mao (untxia), Long (dragoia), She (sugea), Ma (zaldia), Xang (ahuntza), Hou (tximua), Ji (oilarra), Gou (txakurra) eta Zhu (txerria) jaiotako urtearen arabera.
Idiaren urtea hasiko da gaurko egunez. Bart bukatu da arratoiaren urtea. Urtero ez da egun berdinean izaten urte aldaketa. Ilargi eta eguzkiaren mugimenduen menpe dago: beti neguko solstizioaren ondoren bigarren ilargi berriarekin izaten da. Urteko lehen egunean "zeru eta lurretako jainkoei" ongi etorria ematen diete. Gero egunero ospatzen dute zerbait ilargi betera arte. •