Florencia Begueren abesti goxoak Kultur Etxean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 26a

Xpression kultur elkarteak eta Udalak Kultur etxeko kafetegian kontzertuak eskaintzeko hitzarmena aste honetan berritu dute. Honen ondorioz, 2009an musika estilo desberdinetako 13 kontzertu entzuteko aukera izango dugu Lasarte-Orian.
Ostirala honetan, Florencia Begue argentinarrak, Manu Losioren laguntzaz eskaini zuen kontzertua horietako lehena dugu.
Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian herritar ugari ikusi ahal izan ziren eta giro ezin hobea sortu zen.
Jazz eta bossa novaren arteko fusioa egin zuten Musikeneko jazz ikasle hauek. Ahots eta gitarra bikotea eginez bere balioa erakutsi zuten.

Hitzarmena

Lasarte-Oriako gazteei aisialdirako aukera berri bat eskaintzetik dator Xpression eta Udalaren arteko hitzarmenaren ideia, joan den urteko urrian lehenengoz martxan jarri zena. Kontzertuak hamabost egunero behin dira, ostiraletan 20:00etan, Gazteria eta Festetako saileko kontzertua burutzen den asteburuan izan ezik.

Kafetegia kudeatzea

Ostiralean hasi eta udara arte, Juanjo Marante GKEa izango da kafetegiaren ustiaketa egingo duen taldea. Irailetik aurrera, aldiz, Lasarte-Usurbil Institutuko gazteek izango dute ikasturte bukaerako bidairako dirua biltzeko.
Bi talde hauek Gazteria eta Festetako sailak udalerriko irabazi asmorik gabeko GKE, entitate eta taldeei kultur etxeko kafetegiko zerbitzua beren gain hartzeko eskaintzari erantzun zioten. Era honetara, taldeek bere proiektuak autofinantzatzea lortuko dute. •