Ostarte Gazte Taldeak giro onuragarrian une atsegina eta dibertigarria igarotzeko aukera eskaini zuen larunbata gauean Arantzazuko Amabirginaren eliza azpiko lokalean.
Gaueko 22:00etatik gauerdira arte, lokala berriro ere joko areto bihurtu zuten gazteek. Sing-star eta eye toy bideo-jokoak, mahai-tenisa, mahai jokoak eta futbolina gazteen eskura egon ziren.
“Hogei bat gazte bildu dira eta batzuk orain datoz. Giro ona dago eta gozatzen duela dirudi,” adierazi digu Ainara Elizetxea Ostarte taldeko kideak.
Jarraipena
Egun, herrian nerabeentzako gaueko aisialdirako ekintza gutxi burutzen direla eta, Ostarte Gazte Taldeak bultzada bat eman nahi dio gazteentzako eskaintzari.
Hurrengo joko-areto saioa hemendik hamabost egunera egiteko asmoa dutela adierazi digu. “Otsailaren 7an egitekoa asmoa dugu, gainera gazteek mahai tenis txapelketa egiteko asmoa dutela aipatu digute,” esan digu Ainarak.
Beraz, nerabeek badakizue, ezer egitekorik ez baduzue, anima zaitezte hurrengora. •