Gazteen ekimenak lehiaketa baten bidez sustatu nahi ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 30a

Gazteria eta Festetako sailak Gazteideiak txapelketa jarriko du martxan eta oinarrien berri eman zuen astelehenean. Ekimen honen helburua Lasarte-Oriako “gazteen artean parte-hartzea eta sormena bultzatzea eta bide batez, komunitatearen garapenean gazteen inplikazioa lortzea da”, udaleko ordezkariek helarazi dutenez. www.lasarte-oria.org web gunean lehiaketaren oinarriak eta inprimakiak aurkituko ditu interesatuak.

Udalak lehen aldiz martxan jarriko duen Gazteideiak lehiaketan udalerrian bizi diren 14 eta 30 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute, bakarka edo taldeka, eta gehienez bi ideiekin. Hemezortzi urtetik beherakoek gurasoen edo legezko tutoreen baimena aurkeztu beharko dute deialdi honetan parte hartu ahal izateko.
Lehiaketa denez, saria ere badago, lehenengo bost idei hoberenak sarituko dituzte, ideia bakoitzak 100 eurotako saria jasoko du. Udaletik helarazi dutenez, “ideia irabazleak martxan jartzeko konpromezua hartzen du Udalak, epaimahaiak lehiaketa ebazten duenetik gehienez ere bi urteko epean”.
Irabazi asmorik gabeko ekimenak
Aurkeztu daitezkeen ideiei dagokienez kulturaren arlokoak, sozialak, kirolaren nahiz aisiaren arlokoak, osasunaren arlokoak, prestakuntza eta hezkuntzakoak, ludikoak, ingurumenari buruzkoak, ikerkuntzaren arlokoak... izan daitezke.
Beraz, gaiari dagokionez aukera zabala da, baina, ezinbestekoa da irabazi asmorik gabekoa izatea. Gazteria eta Festetako sailak kontutan izango ditu “herriko gazteengan zuzeneko eragina izan dezaketen ideiak edo herriaren eraikuntzan gazteek parte har dezaten ahalbidetuko dutenak".
Ideia bakoitza bakarka aztertuko da eta alderdi hauei erreparatuko zaie: sormena eta originaltasuna, ideiak gazteengan duen eragina, denboran zehar irauteko modukoa izatea, gazteen parte-hartzea zein mailataraino sustatzen den eta, zenbateko bideragarritasuna duen Udalak martxan jar dezan.
Proposamenak otsailaren 2tik 27ra bitartean aurkeztu behar dira gazteideiak@lasarte-oria.org edo Gazte Informaziorako Bulegoan, kultur etxeko 3.solairuan, 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara.
www.lasarte-oria.org webgunean bete behar diren inprimakiak aurkituko dituzue.•