Danok Kide gurasoen elkarteak antolatzen duen IV Musika Topaketaren egitarauaren barruan, gaur ostirala, arratsaldeko 19:30ean Donostia Ensemble hari laukoteak emanaldi bat eskainiko du Lasarte-Oriako Brigidatarren komentuko elizan.
Tomas Ruti herritarra eta Myrelis Morgan biolin-joleek, Lorena Otera biola-joleak eta Natalia Diaz txelo-joleak osatzen dute taldea.
Euskadiko Orkestrako musikari direlako ezagutzen dute elkar, Berlinen sortu zen taldea, baina Donostian topo egindako lau musikariren artean 2008ko irailean heldu zioten egitasmoari.
Musika klasikoa ala jazza, kunbia ala tangoa, Beatlesen musika ala Brahmsena, denetariko musika jotzea da taldearen asmoa eta horren adibide dira gaur arte emandako kontzertuak: bi emanaldi Donostiako Altxerri Jazz aretoan irailean, laukotearen aurkezpen ofiziala Artzai Onaren katedralean azaroan eta FNACen kafe kontzertua abenduan.
Gaur arratsaldean Brigitarretako aretoan hiru musikari handiren lanak eskainiko dituzte, Bach, Mozart eta Dvorak. Kontzertua J. S. Bach-en Ihesaren artea laneko Contrapunctus 1 eta Contrapunctus 9 mugimenduekin hasiko da, gero W.A. Mozarten Divertimento 1kv 136 Re M laneko eta Divertimento 3 kv 138 Fa M laneko Alegro, Andante eta Prestoa eskainiko dituzte eta, azkenik, A. Dvorak-en Amerikano laneko Allegro, ma non troppo; Lento; Molto Vivace eta Vivace, ma non troppo.
Musikari trebatuak dira Donostia Ensemble laukoteko kideak, Europako kontserbatoriorik ospetsuenetarikoetan ikasitakoak, besteak beste, HFM Hans Eisler Berlin, Royal Academy of Music of London, Universität dek Künste Berlin eta Royal Northern College of Music Manchester" eskoletan. •