Iñaki Elizaldek zilarrezko domina eta Amaia Curielek brontzezkoa eskuratu zituzten, Errenterian aurreko igandean burutu ziren lehiaketetan. Galtzarabordako kiroldegian Euskadiko junior txapelketa eta Gipuzkoako Infantilen bigarren sailkapen saioa izan ziren jokoan.
Lasarte-Oriako lau ordezkari izan ziren Euskadiko txapelketan, horietatik bi juniorrak dira eta beste biak kadeteak badira ere juniorrekin aritu ziren lehian.
Iñaki Elizaldek bi borrokaldi irabazi eta zilarrezko domina eskuratu zuen eta, honi esker, Espainiako Iparraldeko sailkapen txapelketan parte hartzeko aukera izango du otsailean. Asier Sagastik, nahiz eta asko ahalegindu zen, ez zuen suerterik izan lehian eta bosgarrena izan zen.
Bestalde, kadete mailakoak dira Amaia Curiel eta Leire Zubizarreta, baina Junior mailako txapelketan aritu ziren eta biek oso txapelketa ona egin zuten. Amaia Curielek brontzezko domina eskuratu zuen eta Leire Zubizarreta ia finalean sartu zen. “Leirek oso lan ona egin zuen, final erdietan kanporatu zuten, baina oso borrokaldi ona egin eta gero,” adierazi digu Gorka Aristegi entrenatzaileak.
Judo saileko arduradunak aitortu digunez, entrenamenduetan egindako ahaleginak emaitzak ematen ditu eta ikusgarria izan da asteburuan guztiek egindako lana.
Infantil mailako kanporaketan ere oso emaitza ona izan dituzte herriko judokek. Kiara Tobajas, Josu Olmos eta Abayuba Gutierrezez lehenengoak izan ziren. Imanol Gonzalez eta Unai Giraldo, berriz, hirugarrenak.
Argi dago herriko kirolariak bide onetik doazela eta domin gehiago eskuratzeko moduan daudela. •