Boikota Israeli

Txintxarri 2009ko urtarrilaren 30a

Aste hauetan zehar Gazak jasan duen erasoa denok ezagutzen dugu; baita bere ondorioak ere: 1300etik gorako hildako, etxe, eskola, ospitalen suntsiketa, milaka eta milaka zauritu...
Urteak dira Palestina jazarpen hau jasaten daramatzanak, baina aste hauetakoa hain izan da ikaragarria, mundu mailako telekomunikabideek ere egunero tartetxo bat ekaini diotela gai honi. Mundua hunkitu egin da.
Egun ordea, ia ez dugu honi buruzko ezer entzuten, eta hori da, hain zuzen ere, gure beldurra: komunikabideetan agertzen ez denez, jendeak ahaztea.
Horregatik, eta palestinarrek denon elkartasuna agian inoiz baina gehiago sentitzeko beharra dutenez, mundu mailan indarra hartzen ari den kanpaina bati atxikitzea erabaki dugu Gerraren Kontrako Lasarte Oriako Plataformako kideek. Kanpaina honek Israeli Boikot du izena, eta beste zenbait ekintzen artean, Israelgoak diren produktuak ez kontsumitzea du helburu.
Horretarako, datozen egunetan, herriko taberna, toki publiko eta supermerkatuetan, israeldarrak diren produktuen izenak agertzen diren zerrendak egongo dira eskuragarri. Helburua, esan bezala, produktu hauek ez erostea da; Israeli munduak zer pentsatzen duen ezagutzera emateko.
Ezin dugu isilik gelditu horrelako sarraskiaren aurrean. Horregatik, herritar guztiak animatzen ditugu ekintza honetan parte hartzera, eta gogoratu nahi dizuegu, atea irekia dagoela plataforman parte hartu edo informazioa nahi duen edonorentzat, bai erakunde mailan edo bai maila indibidualean.
Hurrengo bilera, asteazkena otsailak 4, arratsaldeko 7etan Zumaburun dagoen ludotekan izango da.

Gerraren Kontrako
Lasarte-Oriako Plataforma