Azken Gobernu Batzarrean onartu zituzten arestian aipatutako bi proiektuak eta aurreko astean prentsaurrean aurkeztu zituzten. Alkatearen hitzetan, "Gobernu Zentraletik jasotako dirulaguntza proiektu handietara bideratzea erabaki dugu eta uste dugu egitasmo eraldatzaileak, sozialak eta ingurugiroa kontutan hartuko dituztenak direla". Honen harira, "proiektu hauek lana sortaraziko dute eta denboran mantenduko dira".
Pasealeku berria
Oriako pabiloien atzeko aldea eraberritzeko egitasmoan 2.320.031 euro inbertituko ditu Udalak. Oriako zubitik hasi eta Lasarteko norantzan 527 metrotako pasealekua jasotzen du egitasmoak. Industrialdeako zona edo "hiri-espazioa berreskuratzea" du helburu proiektuak alkatearen hitzetan, "Ibaiaren erribera berreskuratuko da horrela, oinezkoentzako ibai ondoko pasealeku bat lortuz eta gune berdeak eraberrituko dira". Proiektu honek ibaiaren ondoan dauden pasealekuei jarraipena eman nahi dio. Horrela, pasealeku eta bidegorria Orian hasi eta Michelinera arte luzatuko da.
Pasealekuak lau metrotako zabalera izango du, bi metrotako espaloia eta beste bi metro bidegorriarentzat izango dira.
Frontoia eta padel pista
Kiroldegi ondoan eraikiko dute padel pista bat eta frontoi berria. "Proiektu honek irtenbidea emango dio Okendon aurreikusita zegoen frontoiaren lekualdaketari Loidi-Barren eremura". Bi eraikin izango dira, bata bestearen ondoan: udal kiroldegiaren ondoan padeleko pista eta jarraian frontoia. Proiektuaren aurrekontua 793.540 eurotakoa da.
Padeleko pistaren paretaren atzeko aldea prestatuta utziko dute rokodromo bat egiteko. "Aurrekontu honetan ez da sartu, baina hurrengo urtean edo egiteko asmoa dugu". Rokodromoa eraikinetik kanpo geratu arren, padel pistako estaldurak gune hau babestuko du. Instalazio berri hauen estaldura argi naturala ahalik eta gehi en aprobetxatzeko diseinatu dute, ahal den neurrian argiztapenean aurrezteko.
Pasealekua, frontoia eta padel pista 2009 urteko abenduaren 31n amaituta egon behar dira aurreikuspenak betetzen baldin badira.•