“Orkestratan edozein lanetan bezala, lanpostu finkoa lortzea zaila da”

Nerea Eizagirre 2009ko ots. 2a, 01:00

Tomas Ruti gazte lasarteoriatarrak bidai luzea egin du ikasketak direla eta, Lasarte-Oriatik Irun eta Iruñeako kontserbatorioetara, baita Londreseko Royal Academyra ere. Hainbat orkestratan parte hartu ondoren, egun Andoaineko musika eskolan dago ordezkapen bat egiten eta Donostia Ensemble hari laukoteko kidea dugu. Hala ere, orkestra batean leku finkoa lortzea da bere helburua eta horretarako ahalegin guztiak egingo dituela onartu digu.

Zergatik sortu zen Donostia Ensemblen hari laukotea ?
Laukotea sortu genuenean kamara egiteko gogo asko genituen eta behin hasita ba ahalik eta gehien egiteko gogoekin gaude. Ez gara honetaz biziko baina ahal dugun gehiena jotzea eta ondo pasatzea dugu buruan.

Baina ez dituzue obra klasikoak bakarrik jorratzen, ezta?
Guk bi atal jorratzen ditugu, batetik egitarau klasikoa egile ezagunak edo gauza oso klasikoak edo pisu handia dutenak, eta gero badugu beste programa bat ba Hegoamerikako musika, egungo musika edo jazza ere uztartzen duguna.
Altxerrin edo Fnacen egin ditugun kontzertuetan,esate baterako, klasikoa mugimendu batzuk eta kubatar musika, tangoa, jazza edo moldaketak nahastu ditugu eta harrera ona izan dugu.
Elizetan eskaintzen ditugun kontzertuetan, egitarau klasikoa mantentzen dugu. Agian propinaren bat edo modernoa da. Baina taldean gehienak klasikotik gatoz eta honelako programak erabakitzen ditugu.

Aldaketa handia da kamara taldean jotzea?
Nire ustez, kamara egitea da musikari batentzat gauzarik politena. Talde txikia da, entzun behar zaituzte, ez daude beste hamalau instrumentu batera jotzen, lau pertsona gara bakoitzak bere ahotsarekin eta ahots guztiak egon behar dute hor. Erantzukizun handiagoa eta gozamen handiagoa da.

Kontzertuak nola lortzen dituzue?
Kutxak laguntzen gaitu hein batean. Kultura sustatzeko duten proiektu batean izena eman genuen, kultur etxeek talderen bat eskatu eta zerrenda bat dute. Zentzu horretan mugitu nahi dugu herrietatik zehar. Ea denbora gehiago dugun beste zerbait aurkezteko. Hala ere, gu ere leku batetik bestera gabiltza kontzertu bila eta lortzen direnak ongi etorriak dira.

Euskadiko Orkestran ere laguntzaile lanetan zabiltza...
Bai, baina ez da bakarra. Aurretik Et Incarnatusen egon nintzen eta proiekturen bat dagoenean deitzen naute. Galiziako Orkestran ere eta beste gutxi batzuetan ere. Baina gehienbat Euskadiko eta Bilbokoaren artean nabil freelance lanetan.

Freelanceak daude musika klasikoan?
Pila dago, ikaragarri da. Batzutan laguntzaile gehiago dago orkestrako kide baino. Egitarau batzuetarako kontratatua dagoen jende asko dago. Askotan orkestrek lan karga handia dute eta hemen ez dago txandaketak egiteko jende askorik. Obra batzuetan honek honela eskatuta orkestra handitu behar da, sinfonia handia delako. Plaza finkoak atera ezean, hobe da edo merkeagoa zaie musikariak laguntzaile gisa izatea. Honi esker aukera duzu orkestra handiekin jotzekoa.
Freelance asko dago, baina ez da Ingalaterran haina. Han gehiegizkoa da, ehuneko handi bat laguntzaileak dira. Eskerrak hemen ez dela hango egoera errepikatzen. Baina etorkizunean agian...

Londresen egon zara ikasketak egiten, kanpora edo atzerrira atera behar da ikasketekin jarraitzeko?
Musikenen dauden irakasleak oso onak dira, baina hemen Goi maila egiten duzu soilik ez dago graduondoko ikastarorik. Estatuan badaude Goi mailako zentroak non graduondokoak egin daitezkeen, baina nik kanpora joan nahi nuen. Kanpora zoazenean suposatzen da, irakasle eta inguru on baten bila zoazela, Londresen edo Albaceten. Kanpora joatearena ere esnatzeko oso ona da. Nik zorte ona izan nuen. Irakasle onak izan nituen eta ingurua ere egokia ezen, beti musikaz inguratua. Horretaz aparte zure burua ikusi behar duzu. Kanpora joatea interesgarria da, zure kabuz nola moldatzen zaren ikusteko.

Ingalaterran lan egiteko era desberdina al da?
Bai, askoz azkarragoak dira. Han orkestratan ez naiz ibili. Ikasketak egin ditut soilik, baina zentroak pribatuak dira eta etekin gehiago atera behar dizkiete ikasketei. Lan gehiago egin behar dute eta askoz azkarrago, esate baterako, pare bat entsegu egin eta kontzertua duzu. Eta funtzionatzeko era ere oso desberdina da kontserbatorioetan, baita bizitzeko era ere. Lehenengo hilabeteak galduta pasa nituen, gero pixkanaka moldatu eta esperientzia oso interesgarria izan zen, bai biolinaren aldetik, baita bizitzaren aldetik ere. Ingalaterra desberdina da.

Baina musikalki maila bera al da?
Ez, han maila altuagoa dute. Hemen urteak falta direla uste dut. Talentua dago, baina urteak falta dira. Atzeratuak gaude, baina pixkanaka lortuko dugu da. Ingalaterran maila handiagoa zegoen, han behartua zaude musikarekin bizitzera.

Aita ere musikalari duzu, hark bultzatua hasi zinen?
Bai, txikia nintzenean engainatu ninduen. Zortzi urterekin hartu biolina joko bat da esan zidan. Eta honela hasi nintzen, baina gero niregatik jarraitu nuen. Iritsi zen momentua, non nik erabaki behar nuen, eta aurrera egitea aukeratu nuen, niregatik. Hala ere, aita beti izan da laguntza handia. Guztia ulertzen du, zer behar den, zer ez. Beharrezkoa zenean gainean nuen. Laguntza handia izan da.

Harekin ere jo duzu noizbait, ezta?
Bai, hirukotea egin genuen Carlos Rosat, gure laguna, eta gu biok. Iazko musika Topaketetan jo genuen hirurok. Eta oso gauza polita izan zen aitarekin eta Carlosekin jotzea. Denbora asko egon ginen entsaiatzen eta lanak muntatzen. Oso ondo pasa nuen.

Beraz, musika klasikotik bizi ahal da?
Ez da erraza, baina jotzeaz bizi naiz. Ez dago plaza gehiegi eta zailak dira lortzen. Edozein lanetan bezala gauza finkoa lortzea zaila da. Orkestrak ez dira salbuespen, azken finean enpresak dira eta gutxi gora behera guztiok berdin gabiltza. Gainera, beti daude gauza desberdinak, orkestrak, laukotea, klaseak noizbehinka eta beste proiektu batzuk ere.

Klasikoa edo modernoa, zer nahiago?
Klasikoa modernoa ahaztu gabe. Momentuan gogoko edo hunkitzen dizuna. Nire egunerokotasunean gehiena klasikoa da. Baina horrek ez du esan nahi gogoko ez dudanik.

Zure etorkizuna non dago?
Printzipioz orkestran jotzea nahiko nuke etorkizunean. Irakasle bezala gustura nabil, orain ohartu naiz horretaz. Baina nire helburua orkestra da. Probak egiten eta ikasten jarraituko dut. Bi gauzekin pozik egongo naizela badakit. Hala ere, orkestrara iristeko bidea egingo dut.