Sorpresa handia Amaraun Ludotekan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 2a

Barre, algara, magia eta musuak, hauetaz guztietaz bete zen larunbat goizean Amaraun Ludoteka. Erruduna Lasarte-Oriako pailazorik bihurriena, Porrotx.
Haurrak urdurik zeuden sorpresaren zain, begiraleek magia egiten zuen norbait etorriko zela esan zieten. Pertsonaiari egingo zizkioten galderak prestatu eta abestu eta dantzatu zuten.
Begiraleek begiak ixteko eskatu eta Porrotx atetik sartzen ikustean, guztiak hasi ziren garrasika.
Magia egin zuen jarraian. Koloredun zapiak zakutxo batean sartu eta, neskatxa baten laguntzaz, zakutik ostadar bandera atera zuenean haur guztiak aho zabalik geratu ziren.
Jarraian galderen txanda izan zen, baina aurretik prestatutako guztiak dagoeneko ahaztu zitzaizkien haurrei.
Orduan, bere magia erabiliaz, opariak egin zizkien haurrei.
Lehenik, Porrotxek berak egindako marrazkia zati txikitan puskatu eta, magiari esker, konpondu zuen eta, jarraian, Piratak ikuskizuneko posterra ustez hutsa zegoen kutxa batetik atera zuen. Bi opari hauek Ludotekarako izan ziren, baina txapak eta posterrak ere eraman zituzten haurrek etxera.
Hala ere, Porrotx ez zen esku hutsik bueltatu Amona Josefinarenera. Ludotekako haurrek egutegi bat eta haiek egindako marrazkiak oparitu zizkioten eta.
Ostean, guztiek dantzatu eta abestu zuten batera.

Joan baino lehen, Porrotxek txokolate, marrubi eta txoko-marrubizko musuak banatu zituen Ludotekako haur eta begiraleen artean.
Era honetara, pailazoaren ogibidea ezagutzeaz gain, primeran pasa zuten etxeko txikiek Amaraun Ludotekan.

Go!azen filma
Arratsaldean, berriz, gaztetxoen txanda izan zen Ludotekan. Eta hauek Go!azen filma musikala ikusteko aukera paregabea izan zuten, palomita eta guzti.
Apaiz batzuk zuzentzen duten diziplina gogorreko udaleku batean gertatzen da istorioa eta bertan dauden 16 bat urteko neska-mutilen abenturak dira narratzen direnak musika eta koreografiak oinarritzat hartuz. •