Santa Ageda bezpera degu...

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ots. 4a, 01:00

Usadioari jarraiki, Santa eskea izango da gaur, otsailak 4, Santa Ageda bezpera. Goizean Landaberri ikastolako haurrak izan dira kalera irteten lehenak. Iluntze aldera berriz, herriko zenbait taldeen garaia izango da. Zabaleta auzoan etxez etxe ibiliko dira. Ttakunek, aldiz, bertso eskolakoak koplari direla, kaleetan zehar egingo du buelta, trikitixak lagunduta eta ondoren, Sollane sagardotegira joango dira denak afaltzera. Erketz Dantza Taldeko kideak berriz, kaletik bueltaxka bat eman ondoren, baserrietara egingo dute jira.