Euskal Herriko ohitura zaharra da otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, koplak atez ate abesten ateratzea. Izadiaren egutegiari pixka bat erreparatuko bagenio eta interpretatzen ikasiko bagenu, jakingo genuke, Santa Ageda egunez, gure makilekin lurrari esna dadin eskatzeko garaia heldu dela esaten diogula.
Lasarte-Oria ere, urtero bezala, zenbait herritarrek ez zuten kale egin eta eguraldiak ez bazuen gehiegi lagundu ere, urteroko taldeak atera ziren Santa Ageda bezperan eskean.
Lehenengoak ateratzen Landaberri ikastolako haurrak izan ziren. Herriko kaleetan zehar aritu ziren kopla kantari balkoi azpietan zerbait botatzeko eskatuz. Arratsaldean berriz, ikastolako gaztetxoak baserrietara jo zuten trikitilari eta guzti koplak kantatzera.
Arratsaldean berriz, 18:00etan zuten hitzordua Zabaleta auzoko kideak eta Erketz Dantza Taldekoak. Ordu horretan euri zaparrada galanta bota bazuen ere, atertu orduko abiatu ziren baserrietara abestera.
Ondoren Amalur Trikitixa eta Pandero eskolakoen txanda iritsi zen. Atertu aurretik egoitzan bertan kopla batzuk kantatu ondoren herriko kaleetan zehar ibili ziren abesten.
Makilak astintzen eta abesten ateratzen azkenak Ttakuneko kideak eta bertso-eskolakoak izan ziren. 19:00etan zuten hitzordua eta trikitixak lagundurik herriko taberna eta kaleetan zehar ibili ziren koplak kantatzen.•