“Helburua haurrek herrian ikas dezaten da”

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 7a

Zein da Hezkuntza batzordeko helburua?
Gure helburua haurrek herrian ikas dezaten da eta, era berean, euskararen eredua bultzatzea. Horretarako, bi kanpaina egin ditugu, batetik 0-3 urtekoen eskaintza eta bestetik lehen hezkuntzatik DBHra igarotzen diren gazteei bestea. Guraso guztiei bidaltzen zaie etxera informazio hori.

Eta ikastolentzat ekintza bereziak prestatzen dituzue?
Bai. Esate baterako, ingurugiro arloan, LH5ko haurrentzat hiru eguneko jardunaldiak antolatzen ditugu Sastarrainen baserri eskolan, Zestoan.
Bestalde, kurtsoan zehar ingurugiroko programa dugu, non uraren prozesua, birziklapena, herriaren ohiturak, historia era kultura erakusten diren. Eskola orduetan egiten da eta kurrikulumean dago sartua.
Kurtso bukaeran, gainera, zer edo zer egiten dugu, hala nola, Andatza plazako Tren txikiko baporezko trena edo jokoak, erakusketak, marrazkiak, antzerkia, txotxongiloak...

Zeintzuk dira aurrematrikula epeak? Eta aurreikuspenik egin ahal da?
Ikastolak otsailaren 2tik 13ra egingo dute eta haurtzaindegian, 0-3 urteko haurren aurrematrikulazioa maiatzean egingo da.
Bestalde, zaila da aurreikuspena egitea. Kopuru horiek aurrematrikula egin ostean jakingo ditugu.

Udalak gainera jantokia eskaintzan du?
Bai, horrela da. Michelinen dagoen udal jangelan 3 urtetatik 18rako haur eta gaztetxoek bazkaldu dezakete. Bertan bonoak daude egunero bertan bazkaltzen dutenentzat edo egun solteetan joateko.

Udaran obrak egin dira ikastola desberdinetan, ezta?
Guk 60 eta 40 esaten diogu, honek esan nahi du, %60a Eusko Jaurlaritzako hezkuntza ordezkaritzak ordaintzen duela eta %40ak udalak. Honi esker, lanak egin dira Sasoeta, Zumaburu eta Landaberrin.
Orain zentroz zentro begiratu da, beti baitaude arazotxoak, zerbait gaizki dagoena edo falta dena. Eta hori guztia aztertu dugu, txosten bat egin eta Eusko Jaurlaritzara bidali dugu. Eta hori ere 40-60 akordioaren barruan egiteko.
Gainera, lan hauei esker, Zumaburu ikastola berritu dugu, haurrak ongi egoteko eta, era berean, Sasoeta-Zumaburu ikastola indartu nahi izan dugu eta erakargarria egin. •