Estilo askotako musika emanaldiak aukeran gaur eta bihar

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 7a

Bihar lau kontzertu izango dira Ttakuntronik zirkuituaren baitan, 22.30etik aurrera. Horretaz gain, Sara musikari iruindarrak kultur etxean joko du gaur iluntzean.

Hilero bezala, Lasarte-Oria dantzaleku bihurtuko da bihar, Ttakuntronik zirkuituari esker. 22.30ak eta 03.00ak bitartean era eta jatorri askotako musikaz gozatzeko
aukera izango dute lasarteoriatarrek herriko hainbat tabernatan. Musutruk, gainera, agertokietara sarrera doakoa izango baita, ohi bezala.
Abend kafe antzokian, Iñaki Brighton musikariak R&B, soul, revival mod eta beste estilo batzuk nahastuko ditu bere emanaldian. Jalgi kafe antzokian, berriz, Zilö ElekTropezón Dj-ren musika elektronikoa izango da entzungai. Jamaikar estiloa gustuko dutenek ere izango dute zereginik, Naken Selektor-ek joko baitu Obelix tabernan. Siglo 20en, bestalde, DZ izango da; hip hop, soul eta funk doinuak eskainiko ditu.

Sararen kontzertua

Biharkoaren zain egon gabe, Xpressionk!!! Zirkuituak ere badu zer eskaini gaur gauerako. Xpression elkarteak eta Gazteri eta Festa sailak antolatuta, Sara kantautoreak
kontzertua eskainiko baitu.
Iruñeko musikagileak, gitarra lagun duela, abesti propioez nahiz bertsioez osatutako emanaldia eskainiko du. Gainera, aurtengo bere lehen kontzertua izaki, gogotsu eta bere entzulegoaren aurrean abesti berriak jotzeko asmoz datorrela iragarri du.
Sararen kontzertua gaur 20:00etan izango da, Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian; eta Xpressionk!!! Zirkuituan ohikoa den bezala, sarrera doakoa izango da.
Abeslari gazteari buruzko informazio gehiago erakusgai dago www.lanubedesara.com webgunean.
Helbide horretan bertan kantautore iruñear honen musikaren lagin bat entzuteko aukera ere badago.•