Nola jakin zenuen telebista programari buruz?
Niri Irungo Tunk aretotik deitu zidaten, Sergiok deitu zidan, nire ahotsa gustatzen zaio eta emaila erakutsi zidan. Ez zidan zehaztasun askorik eman. Proiektuan parte hartu behar nuela esan zidan eta ongintzazko helburua zela. Ez zela OT antzeko programa, ez da reality bat, talentu berriak aurkitzeko programa da.
Eta programakoekin harremanetan jarri nintzen, ekoizleekin hitz egitean ere gauza bera esan zidaten, programa musikala zela.
Eta probak nolakoak izan ziren?
Oso zailak izan ziren. Ez zaude horretara ohitua. Telebista edo antzerkia egiten duen pertsona bat hautaketak egitera ohitzen da, baina bat-batean mikrofonoz betea dagoen gela batera sartu eta jende pila zuri begira egotea, programako zuzendaria, ekoizleak, etab. Ezagutzen ez dituzun pertsonak azken finean.
Hautaketa selektiboa izan zen gainera, 100 pertsona ginen soilik. Cuatrok produktu musikala egin nahi zuen, arrakasta izango zuen zerbait, musikaren munduari buruz dakiten pertsonekin edo antzerkia egin duten pertsonekin eta 100 bat pertsona joan ginen. Eta horietatik 40 aukeratu zituzten.
Bigarren hautaketan, Mikel Erentxun zegoen eta hark hautaketan parte hartu zuen bere iritzi porpioarekin. Eta azkenean 20ek osatu genuen abesbatza. Beraz, zerbait berezia zen.
Zer sentitu zenuen Mikel Erentxuren abesbatzako kide izango zinela entzutean?
Ezin nuen sinetsi eta hodei batean egongo banintz bezala izan zen. Bigarren programara arte ez nintzen ohartu benetan zertan nengoen sartua. Orduan, Let it be abestera atera baino lehen, neuri buruari esan nion, non sartu naiz! Ze hori ez zen Teledonosti, Espainia osoak ikusiko zuen nire aktuazioa.
Nork aukeratzen zituen abestiak?
Ekipo teknikoak eta Mikel Erentxun aukeratzen zituzten abestiak eta emanaldi bakoitzeko abestiak zeintzuk ziren esaten ziguten.
Eta nola prestatzen zenituzten?
Entseguak eta grabaketa orduak oso gogorrak izan dira. Esate baterako, azkeneko egunean, Donostiatik 14:00etan atera, Madrilera 20:30ak edo 21:00ak aldera iritsi estudiora eta goizeko 6:00ak arte gauzak grabatzen egon ginen. Gero lotara joan, 12:00etan esnatu eta koreografiak ikasten hasi. Ia aste guztietan horrela izan da.
Madrilen platoan entsaiatzen genuen askotan, hotelean ere gelak uzten zizkiguten koreografiak ikasi edo bakarlarien zatiak prestatzeko.
Honetaz gain, azken orduko aldaketak daude. Esate baterako, nire kasuan, Let it be abestu baino ordu erdi lehenago, bakarlarien doinuetan aldaketak egin behar izan ziren Moi, Moisesek eta biok gauza bera abestea ekiditeko eta doinua aberatsago egiteko. Isaak Ordoñez programaren zuzendariaren eta Mikelen laguntzaz aldaketak egin eta oso polita geratu zela uste dut.
Mikel Erentxunekin harremana nolakoa izan da?
Nik Mikel deitzen diot. Lehen Mikel Erentxun edo abizenez bakarrik aipatzen nuen. Gurekin ez da artista izan, pertsona izan da. Ez nuen espero.
Gainera, hark esperientzia berri hau bizi nahi zuen, nahiz eta ez den telebistan agertzekoa. Lehenengo galan lekuz kanpo zirudien. Baina Mikel oso lotsatia da eta den bezala agertu da Estatu osoaren aurrean, bere txano, kamiseta, etab. erakutsiz. Eta jendeari gustatu zaio.
Eta abesbatza kideen artekoa?
Oso ona izan da. 20 pertsona ginen, bakoitza leku batekoa eta normala da arazoak sortzea. Beti gertatzen da zerbait, baina bederatzi bat emango nioke taldeari.
Beste abesbatzetako kideekin ere harremana primerako izan zen. Hizkuntza bera partekatzen genuen, bertan ginen 100 pertsonak musikarekin erotuta ginen eta normalean zail da hori aurkitzen. Nire ustez, orain berriro ere esperientzia bera biziko genuke.
Eta, gainera, oso zaila da hain epe laburrean sentitu duguna azaltzea. Lehen realityetako jendea negarrez ikustea deigarri egiten zitzaidan, baina orain badakit, egia dela. Izan ere, gerta daiteke, 20 pertsonak hilabete osoan ia 24 ordu batera igarotzen badituzte. Eta maitasun berezia hartzen diozu jendeari, zuk duzun musikarenganako sentimen bera dutelako.
Irabazitako saria Donostiako Caritas elkarteari emango diozue, noiz izango da hori?
Ez dakigu ezer. Pentsatzen dut denak batu eta nola egin hitz egingo dugula.
Azken egunetan batetik bestera zabiltzate, Donostiako udalean ere egon zarete...
Bai. Odonek harrera egin eta eskerrak eman zizkigun Donostiaren izenean parte hartzeagatik. Azken finean, irudia da, 2016ko Hiri Kulturalera aurkezten denez. Oso garrantzitsua da hiriarentzat zerbait irabazi izana.•