Komunikabideetan argitaratutako albisteak ikusiz bere ustez argi dago edateko modua aldatu egin dela: 35 bat urtetik gorako helduek gradu gutxiko edariak egunero hartzetik, egun gazteek gradu askoko edariak asteburuetan hartzera. Edateko bi eredu daude beraz kalean Iruinen ustez, bigarrena nahiko berria azken bospasei urteotakoa. Denbora-pasa moduan, jatearekin batera, egin izan den kulturalki onartutako jendarteko jarduna, ardo baxoerdiak pintxo goxo batzuekin batera eta orain, aldiz, Iparraldeko ohitura ekarri da, hau da, noizbehinka edatea, baina modu azkarrago eta zakarragoan.
Alkoholismo arazoa gehiago lotu da lehen argazkiarekin bigarrenarekin baino, baina Komunikabideetan gaur egun bigarrena arazo handiago gisa ageri dela uste du medikuak eta medioek argitaratutako zenbait kontu nabarmendu zituen: sarri, "14-15 urtekoak" direla, euren lehentasuna gurasoak ez enteratzea dela, 16-18 urte arteko gaztetxoen hirutik bik aitortzen duela "alkohola erruz hartzen duela larunbatero", eta gainera askotan alkohola beste produktu batzuekin nahasten dutela lehen ez bezala. Anbulantziek 600 gazte atenditu zituzten iaz alkohol gehiegi hartzeagatik.
Alvaro Iruinen ondorioa horixe da: edan egiten da, beste era batera edaten da, modu arriskutsuagoan edaten da, baina asko aztertu arren ezin da argi esan zergatik edaten den.
Hausnarketarako gaiak
Adituen zenbait azterketa eta ondorio aipatu zuten, hausnarketarako:
- Edatea adinaren arabera: oro har nerabezaroan hasi, 25 eta 40 urte artean menpekotasunaren lehen sintomak nabaritu, 45-55 artean uzteko ahaleginak, hasieran emaitza handirik gabe, baina gerora bi herenek hein handi batean utzi egiten du eta bosten batek edan gabe eusten dio.
- Edatearen ondorio, gaitz edo desorekak: intoxikazio larriak, kontsumo kaltegarria, menpekotasun eta abstinentzia sindromeak,... eta, momentuan hain kaltegarria izan ez arren, egunero edatea. Alkoholismoa ote? galdetu zuen. Iruinen iritziz, batzuen ustez kaltegarriena bat izango da eta beste batzuentzat bestea.
- Hasiera eta gurasoen jokabidea: Aste honetan prentsan “nerabezaroaren hondamendia” izenburuarekin argitaratutako artikuluaren arabera, hasiera erritu moduan izaten da eta 10etik 8k aitortzen du etxekoek edaten dutela. Beraz, idatzian nerabeek edatea arazotzat hartzen da eta euren etxeetan edatearekin lotu: “Txikitatik ikusten dute, familiaren jai eta ospakizunei lotutako ohitura arrunt gisa”. Prensan ohikoa da errua gurasoei leporatzea.
Autore batzuk diote probatzeagatik hasten direla gazteak edaten. Alvaro Iruinek ez du ulertzen hala ere behin probatu eta gero zergatik esperimentatzen duten behin eta berriro...
Ikerlari kanadiar batzuek zera proposatu dute etorkizunari begira, kontsumo arriskutsua gora doanez eta alkohola oso erraz lortu daitekeenez: zerga eta edarien prezioa altxatzea eta salmenta toki zein ordutegien kontrola. Hala ere, Iruinen ustez Lege Lehorrak ez zituen nahi ziren emaitzak eman eta ez lituzke gaur emango.
Bere ustez arazoa ez da alkoholik den, edo gurasoek, anaiek ala lagunek edaten duten. "Alkohola edatera eramango gaituzten faktore asko daude”. Hori askotan gertatzen omen da kontsultan. Segituan hasten dira honegatik edo haregatik edaten dutela azaltzen, baina ez da gauza bakar bategatik gertatzen, faktore askoren nahasketa da.
Iruinen iritziz, faktore psikologiko eta biologiko asko daude ikertzeko, baina soziologikoki zabaltzen den mezuak badu garrantzia: desberdin kontsumitzen da egun, luzera begira ezin jakin bat ala bestea den kaltegarriago, baina momentuan arriskutsuagoa da larrialdi gehiago eragiten duelako, baina benetan ez dakigu zergatik edaten den, zaila da azaltzeko.
Astean birritan
Ondoren herriko taldeko bi partaidek euren bizipenak kontatu zituzten eta herriko esperientziatan oinarritutako filma eman zen bukatzeko.
AAko kideak astearte eta ostegunetan elkartzen dira, 20:00etan, eta interesa duen edozeinentzat hileko lehen asteartean bilera irekiak egiten dituzte ordu berean.
Aurreko asteartekoa berezia izan zen, lehen urtea betetzen zutelako eta Villa Mirentxuko aretoa bete egin zen urteurreneko ekitaldian. Ikusleen artean Lasarte-Oriako AA taldeko kideak, hauen senitarteko eta lagunak, eta Udaleko ordezkari gisa Lourdes Acevedo zinegotzia. Berak azaldu zigun duela urtebete nola sortu zen taldea. "Ez nuen ulertzen nola Lasarten ez zegoen talderik. Alkoholarekin arazoa zutenek eta senitartekoek Hernanira joan beharra izatea. Beraz, AAko kideekin harremanetan jarri nintzan, taldea sortu zen eta Gipuzkoako bulegoa ere hemen jarri da. Gaur jakin dut, senitartekoek ere arazoak dituztenei laguntza emateko elkarte bat egiteko asmoa dutela. Nik beti pentsatu dut Villa Mirentxuk edozertarako zabalik egon behar duela, eta are hobeto arazoak dituztenei lagundu eta irabaziei begiratu gabe lan egiten duten taldeak badira".
Edatea kaltegarri omen da, orain lehen baino arrisku gehiago omen dago, gradu gehiagoko alkohola, noizbehinka eta modu azkarrean edaten delako, baina edan egiten du jendeak. Hitzalditik atera orduko ziurtatu ahal izan genuen. Villa Mirentxuko trinketaren ondoan udaltzainek bi gaztetxo paretaren aurka zeuzkaten. Ondoan Vodka botila bat eta euren motxilak.