Musika emanaldi ugari izan dira asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 9a

Musikazaleek asteburu ederra izan dute pasa berri den hau. Ostiralean, iluntzeko 8etan iruñako Sara kantautorearen emanaldia izan zen kulturetxeko kafetegian Xpressionk! taldea eta udaleko Gazteria Sailaren artean sinatutako hitzarmenaren barruan. Sarak bere abesti propioak eta beste zenbait taldeen bertsioak ere jo zituen. Hasieran jende gutxi hurbildu bazen ere Sara entzutera, poliki-poliki joan zen girotzen aretoa eta jendez betetzen.
Denuntzia sozialeko abestiak kantatu zituen Sarak, emakumeenganako biolentziaren aurkakoak barne. Ahots goxoa eta abesti bixiak eskaini zituen; abesti batzuk lasaiak baziren ere beste batzuk rockeroak ziren. Bildutakoek txaloekin eskertu zioten Sarari emanaldia.

Ttakuntronik

Iaz hasitako zirkuitua, hilabete honetan ere ez zuen kalerik egin eta larunbatean DJen emanaldiez gozatzeko aukera izan zen herriko tabernetan. Jalgi kafe-antzokian gainera, musika emanaldiarekin ostegunean jarritako "The Artificial Smile Company" margo erakusketa inauguratu zen. Musika jartzen ari zen DJ Zilö baita erakusketa jarri duena.
Herrikoak ziren larunbateko Ttakuntronikeko DJ guztiak. Obelix tabernan Naken Selektor DJa izan zen Jamaican Style estiloko musika jartzen; Siglo XX tabernan DZ aritu zen Hip-Hop, Soul, Funk, Bassk Power... musika motarekin eta orain gutxi zirkuitura gehitu den Abend kafe-antzokian berriz, Iñaki Brighton aritu zen R&B, Soul, Revival Mod... musikarekin.