“Hain epe laburrean sentitu duguna azaltzea zaila da benetan”

Nerea Eizagirre 2009ko otsailaren 12a

Iñigo Manchado musikari lasarteoriatarra dugu eta batzuei ezaguna egingo zaie. Izan ere, azken hilabetean buru belarri egon da Cuatro kateko lehiaketa batean partehartzen, La batalla de los coros. Donostiako edo Mikel Erentxuren abesbatzeko kide izandako lasarteoriatarrerekin egon gara solasean. Elkarrizketa osoa irakurri nahiez gero, gure web orrialdean sartzea besterik ez duzue.

Nola jakin zenuen telebista programari buruz?
Niri Irungo Tunk aretotik deitu zidaten, Sergiok deitu zidan, nire ahotsa gustatzen zaio eta emaila erakutsi zidan. Ez zidan zehaztasun askorik eman. Proiektuan parte hartu behar nuela esan zidan eta ongintzazko helburua zela. Ez zela OT antzeko programa, ez da reality bat, talentu berriak aurkitzeko programa da. Eta programakoekin harremanetan jarri nintzen, ekoizleekin hitz egitean ere gauza bera esan zidaten, programa musikala zela. Eta hautaketa probetara joan nintzen. Hautaketa selektiboa izan zen, 100 pertsona ginen soilik. Cuatrok produktu musikala egin nahi zuen, arrakasta izango zuen zerbait, musikaren munduari buruz dakiten pertsonekin edo antzerkia egin duten pertsonekin eta 100 bat pertsona joan ginen. Eta horietatik 40 eta azkenean 20ek osatu genuen abesbatza. Beraz, zerbait berezia zen.

Probak nolakoak izan ziren?
Oso zailak izan ziren. Ez zaude horretara ohitua. Telebista edo antzerkia egiten duen pertsona bat hautaketak egitera ohitzen da, baina bat-batean mikrofonoz betea dagoen gela batera sartu eta jende pila zuri begira egotea, programako zuzendaria, ekoizleak, etab. Ezagutzen ez dituzun pertsonak azken finean. Bigarren hautaketan, Mikel Erentxun zegoen eta hark bere erabakiak hartzen zituen eta hautaketan parte hartu zuen.

Zer sentitu zenuen Mikel Erentxuren abesbatzan parte hartuko zenuela esan zizutenean?
Ezin nuen sinetsi eta hodei batean egongo banintz bezala izan zen. Bigarren programara arte ez nintzen ohartu benetan zertan nengoen sartua. Orduan Let it be abestera atera baino lehen neuri buruari esan nion non sartu naiz. Ze hori ez zen Teledonosti, Espainia osoak ikusiko zuen nire aktuazioa. Eta gainera, uste dut, share handien izan zuen programa izan zela.

Nork hautatzen zituen abestiak?
Ekipo teknikoak eta Mikel Erentxun aukeratzen zituzten abestiak eta emanaldi bakoitzeko abestiak zeintzuk izango ziren esaten zizkiguten. Abesbatza bat kanporatua zegoenean hurrengo saioan abesti bat gehitzen zen gure emanaldira programak iraupen berdina izan zezan.

Nolakoa izan da prestakuntza?
Entseguak eta grabaketa orduak oso gogorrak izan dira. Esate baterako, azkeneko egunean, Donostiatik 14:00etan atera, Madrilera 20:30ak edo 21:00ak aldera iritsi estudiora eta goizeko 6:00ak arte gauzak grabatzen egon ginen. Gero lotara joan, 12:00etan esnatu eta koreografiak ikasten hasi. Ia aste guztietan horrela izan da. Izan ere, plato bat oso handia da eta guztia soinuz bete eta abesbatzaren ahotsa sendotzeko grabaketak egiten genituen. Ordu asko egiten genituen, gainera programa zuzenean grabatzea, guztia ongi ateratzea...
Lehenengo saiorako denbora gehiago izan genuen Donostian entsaiatzeko, ekoizleek ez baitziguten esan noiz joan behar genuen Madrilera. Urtarrilaren 7an izan zen lehenengo programa eta ordudanik astelehenetan Madrilera egiten genuen, astearte eta asteazkenetan grabaketak, ostegunean Donostira bueltatu eta ostiralean entsegua egin. Larunbata batean egin zen entsegua. Eta igandean berriro ere maleta prestatzera. Madrilen platoan entsaiatzen genuen askotan, lo gutxi egiten genuen, hotelean ere gelak uzten zizkiguten koreografiak ikasi edo bakarlarien zatiak prestatzeko.
Honetaz gain, azken orduko aldaketak daude. Esate baterako, nire kasuan, Let it be abestu baino ordu erdi lehenago, bakarlarien doinuetan aldaketak egin behar izan ziren Moi, Moisesek eta biok gauza bera abestea ekiditeko eta doinua aberatsago egiteko. Isaak Ordoñez programaren zuzendariaren eta Mikelen laguntzaz aldaketak egin eta oso polita geratu zela uste dut.

Eta hori guztiaren ondoren, lehenengo saioan koreografia akatsak izan zenituztela leporatzeko...
Bai. Traketsak eta baldarrak ginela esan zuten eta eskerrak ez nindutela ni aipatu. Izan ere, ni nahiko traketsa naiz eta koreografiak ez dira niretzako. Gainera, hautaketak egitean ahotsa zen kontuan hartzen zutena. Grabaketara iritsi eta normala denez mugitu behar ginela esan ziguten. Nire ustez ez nuen hain gaizki egin, gainera nik denbora behar dut horrelako gauzak ikasteko eta han guztia erlojuz kontra zenez ba, ahal nuena egiten nuen. Koreografiak irakasten bi pertsona genituen, Raquel eta Javi, eta asko lagundu gintuzten, gure alde zeuden.

Mikel Erentxunekin harremana nolakoa izan da?
Nik Mikel deitzen diot. Lehen Mikel Erentxun edo abizenez bakarrik aipatzen nuen. Gurekin ez da Mikel Erentxun artista izan, Mikel pertsoan izan da. Mikel Erentxun artista asteburuan ikusi genuen Amaia antzokian guztiek. Baina programan Mikel izan da. Ez nuen espero. Gainera, hark esperientzia berri hau bizi nahi zuen, nahiz eta ez den telebistan agertzekoa. Lehenengo galan lekuz kanpo zirudien. Baina Mikel oso lotsatia da eta den bezala agertu da Estatu osoaren aurrean, bere txano, kamiseta, etab. erakutsi eta jendeari gustatu zaio.

Eta abesbatza kideen artekoa?
Oso ona izan da. 20 pertsona ginen, bakoitza leku batekoa eta normala da arazoak sortzea. Hala ere, ni denon arteko harremana estua izaten saiatu nintzen eta ezin zen lotura hori hautsi. Beti gertatzen da zerbait, baina bederatzi bat emango nioke taldeari.
Beste abesbatzetako kideekin ere harremana primerako izan zen. Hizkuntza bera partekatzen genuen, bertan ginen 100 pertsonak musikarekin erotuta ginen eta normalean zail da hori aurkitzen. Nire ustez, orain berriro ere esperientzia bera biziko genuke.
Eta, gainera, oso zaila da hain epe laburrean sentitu duguna azaltzea. Gure artean komentatu genuen astelehenean. Astelehena iritsi eta, programak iraun duen hilabete honetan, ordu bietan hartzen genuen autobusa, astelehen honetan, ordu horretan bata besteei deika egon ginen besteekin hitz egiteko. Arraroa egiten zitzaigun. Lehen realityetako jendea negarrez ikustea deigarri egiten zitzaidan, baina orain badakit, egia dela. Izan ere, gerta daiteke, 20 pertsonak hilabete osoan ia 24 ordu batera igarotzen badituzte. Eta maitasun berezia hartzen diozu jendeari, zuk duzun musikarenganako sentimen bera dutelako. Gainera, zuk ez duzu ezer lortzen, saria elkarte batentzako baita eta lagun handiak egiten baitituzu.

Beste abesbatzen aitaordekoekin harremanik izan al zenten?
Ba beti izan dut Flores familiako norbait ezagutzeko gogoa, ni Antonio Flores jarraitzaile sutsua naiz eta Lolita ezagutzeko gogoak nituen. Besteak, Soraya, Manu Tenorio edo Marta Sanchez, ezagutzeak ez zidan ezer esaten. Hala ere, Sorayarekin ere harremana izan dut.

Nola bizi zenituzten botazioak?
Botazioena ez da atsegina. Nik, egia esan, ez nuen honelako programetan sinesten. Momentu batzuetan azkena, besteetan lehena. Baina gero ehunekoak eta datuak erakusten zizkiguten. Eta gainera ez da gauza bera Sevilla bat edo Donosti bat. Donosti ia herria da. Horregatik egoten ziren hainbesteko gora beherak. Baina ez dakit zergatik, guk irabazi genuen eta nik ere ulertzen ez dudan gauza da. Portzentaiak eta hor daude. Nire ustez, A Coruñako abesbatza kaleratu zutenean haien botoak eta Estatuko iparraldekoak, Bartzelona barne, guretzako izan ziren. Ez dut beste azalpenik aurkitzen, sevillako abesbatza baitzen ikusleen gogokoena saio guztietan. Beste aukera da, Andaluziakoek irabazia zegoela uste, botatzeari utzi eta besteok aurre hartzea.

Finala nola izan zen?
Tentsio handia sortu zen. Urduritasuna nabari zen eta gainera, bihozkada genuen irabaziko genuela. Ze objetiboak izaki, Donostiak zituen ahotsik onenak. Eta besteek ez zuten horrelakorik. Emakumeen artean ahots izugarriak zeuden. Gainera, finalean Michael Jacksonen Billy Jean eta I feel good James Brownena abestu genituen. Niretzako abesti horiek himnoak dira eta horietan hanka sartzea... Nik abestu nuen Let it beren antzera, hanka sartu izan banu, ez dakit nola egongo nintzateke.

“Abesbatza beltza” ezizenez ere ezagunak zarete gospela, Billy Jean, I feel good abestu dituzuelako...
Bai. Eta nik gustuko dut, oso polita da. Eta agian hori da gure arrakastaren giltza. Izan ere, lehenengo abestia, gospela entzun eta guztiok pentsatu genuen izugarria zela eta oso ongi egin genuen. Abestiak ongi aukeratu dituzte, baina ez da hori bakarrik. Ze nork hartu behar du kanta horiek abesteko erantzukizuna? Eta gaizki ateratzen bada?

Abesbatzak irabazitako saria Donostiako Caritasentzat da, noiz emango zaie saria?
Ez dakigu ezer. Pentsa duela bi asteko asteazkenean irabazi genuela saria eta batetik bestera gabiltzala. Pentsatzen dut denak batu eta nola egin hitz egingo dugula.

Azken egunetan batetik bestera ibili zarete, Donostiako udalean ere egon zarete...
Bai. Odonek harrera egin eta eskerrak eman zizkigun Donostiaren izenean parte hartzeagatik. Azken finean, hori ere irudia da eta, gainera, 2016ko Hiri Kulturalera aurkezten denez. Oso garrantzitsua hiriarentzat zerbait irabazi izana.