Argazki erakusketa sentsibilizazio bide

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 13a

Ana Urchueguia Lasarte-Oriako alkatea, Jone Altuna Kultura batzorde burua eta Iñaki Mujika alkate ordeak Gervasio Sanchez argazkilariaren Vidas minadas, diez años proiektuaren aurkezpena egin zuten astelehenean. Proiektuak hainbat herrialdeetan egindako argazkiak biltzen ditu liburu eta erakusketa batean. Helburua pertsonen aurkako minen ondorioak erakustea. "Gainera, hauetako argazki bategatik Ortega y Gasset saria eman berri diote Gervasio Sanchezi," aipatu zuen Lasarte-Oriako alkateak.
Egun hauetan Manuel Lekuona kultur etxeaz ikusi daitekeen argazki erakusketa, Euskal Fondoak antolatutako erakusketa ibiltaria dugu. "Euskal Fondoak osatzen dugun Udal askok eskatu dute erakusketa hau eta lau hilabete itxaron behar izan dugu Lasarte-Oriara iristeko," azaldu zuen.

Egoera

Pertsonen aurkako minen egungo egoeraz eta Otawako tratatuaz ere mintzo zen Lasarte-Oriako alkatea.
"Pertsonaren aurkako minak oso erabiliak izan ziren guda garaian zenbait guneetan. Nazioarteko legeak hauen erabilera debekatu zuen, baina urteko gutxi gora behera 20.000 egiten dira. Azken urteetan 58.000 biktimek pairatu dituzten mina hauen eztandaren ondorioak. Izan ere, guda bukatu eta oraindik minak ezarriak baitaude. Urteak pasa, bertan utzi eta ondorio latzak sortzen dituzte pertsonengan. Afganistan, Burundi, Irak, Angola, Camboya eta Kolonbia dira herri kaltetuenak eta, gainera, Kongo, Sierra Leona, Liberia, Somalia eta Burundin biktimen %86a neska eta mutil gazteak eta haurrak dira," azaldu zuen.
"1997an pertsonen aurkako minen aurkakoa tratatua adostu zen Otawan. Espainiak sinatu zuen eta honekin batera beste 151 herrialdeek ere. 40 herrialdek ez dute oraindik sinatu eta 5 herrialdea tratatutik kanpo ari dira, 160.000 pertsonen aurkako mina batzen dituzte guztien artean, eta hauetako hiru, EEBB, Errusia eta Txina dira,” atxiki zuen Lasarte-Oriako alkateak.

Bisitak

Bisiten garrantzia azpimarratu zuen ere, "Aitor Moreno, erakusketako arduraduna, Lasarte-Oriako talde eta ikastolekin harremanetan jarri eta bisita gidatuak egingo dira. Era honetara, herritarrek pertsonen kontrako minen ondorioak ezagutu ditzaten."
Gainera, ikastola batzuetan eztabaida egon dela aipatu zuen, "argazkiak bortitzak izan daitezkeelako sortu da eztabaida hori. Baina errealista izan behar da. Ez dugu ezer asmatu, gudak existitzen dira eta bere ondorioak hor daude. Nik uste dut adin batzuetan, 8 edo 9 urterekin, hezkuntza eta sentsibilizazioari esker, munduko beste herrialdeetan gertatzen ari dena ulertzeko gai garela".
"Ez da jende multzo handia etorri eta ikusteko erakusketa, baizik eta haur eta helduei zuzendutako sentsibilizazio erakusketa da. Aitorren gidatuta eta bere azalpenak jarraituz ulertu daitekeena. Ez da pintura erakusketa," esan zuen Ana Urchueguiak.
Honela, euskaraz, zein gazteleraz Institutoko DBH4ko gaztetxoak izan dira erakusketari bisita egiten lehenak. Hurrengo egunetan, DBH3ko, Zaharren egoitzeko, Udal euskaltegiko eta Emakumeen Zentro zibikoko taldeak ere hurbilduko dira kultur etxera. Baina kooperazio sailetik jakin arazi digunez, oraindik bisitak zehazteko daude.

Liburua

Honetaz gain, Gervasio Sanchez argazkilariaren Vidas minadas 10 años liburua ere aurkeztu zuten. Liburua salgai egongo da bisitetan eta beste edonork nahiez gero, Kooperazio departamentura hurbildu eta erosi ahalko du. "Irabaziak Gervasio Sanchezek bera egin duen proiektura bideratuko dira. Liburu hau hirugarrena da eta oso ongi ikusten da, erakusketaren antzera, familien garapena duela hamar urtetik hona," adierazi zuen Ana Urchueguiak.