Bart gauean hasi zen ofizialki martxoaren 1ean Euskal Autonomi Elkartean egingo diren hauteskundeetako kanpaina eta alderdi politiko ezberdinek botua eskatuz lehen kartelak jarri zituzten. Jakina da Ezker Abertzaleak ez duela hauteskundeetan aurkezteko aukerarik izan eta hori salatzeko Lasarte-Oriako Ezker Abertzaleak asteburu honetan burutuko diren zenbait aldarrikapen eta kanpainako ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.
Batetik dei egin dio Lasarte-Oriako herritar orori, bihar larunbata, Demokrazia Orain lemapean, Bilbon burutuko den manifestazio nazionalera joateko.
Autobus zerrendak Artizar taberna, Zabaletako dendan, eta Xirimiri tabernan jarrita daude eta autobusa arratsaldeko 15:30ean Txikiko geltokitik aterako da.
Bestalde, igandea 15, eguerdiko 14,00etan kanpainako herri bazkaria (babarrunjana) antolatu dute Xirimiri elkartean. Zerrenda izena emateko, Xirimiri tabernan dago.