Tormesko Lazaro txikia eta Lepel, umeentzat ikusgai

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 14a

Manuel Lekuona kultur etxeak haurrentzako antzezlan eta film bana eskainiko du asteburuan, euskaraz.
Bihar, hilak 14, Malas Pulgas taldeak Tormesko Lazaro txikia ekarriko du Lasarte-Oriara. Antzerki talde honek esperientzia handia du ipuin klasikoak era komiko eta ulerterrazean kontatzen, haurrak erakarri eta irakur dezaten animatzeko. Oraingoan, gaztelaniazko literaturaren klasiko handi bat moldatu dute.
Lasarte-Oriako umeek Tormesko itsumutilaren bihurrikeriak ezagutzeko aukera izango dute bihar, beraz, 18.00etatik aurrera.

Iganderako, film bat

Igandean, berriz, Lepel filma izango da ikusgai kultur etxean bertan, 17.00etan. Tinkok euskaratu du Herbeheretako lan hau, eta joan den Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten.
Lepel bederatzi urteko mutikoaren gorabeherak kontatzen ditu filmak. Bere gurasoak desagertu egingo dira, eta Koppenol amona maltzurrak esklabu moduan hartuko du Lepel txikia. Filmak hainbat sari jaso ditu, Herbeheretan eta Alemanian, batez ere.
Tormesko Lazaro txikia nahiz Lepel ikusteko sarrerak kultur etxeko harreran daude eskuragai, eta baita emanaldien egunean bertan ere, leihatilan. 3,15 euro balio du sarrera bakoitzak.•