Urraketak salatzea, gero eta errazago

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 15a

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskaldunen kexak jasotzeko postontzia jarri berri du Urbil merkataritza gunean, kutxazainen ondoan.
Behatokiak Usurbilgo Udalarekin elkarlanean abiatu du ekimena, baina Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak asteartean emandako prentsaurrekoan azaldu bezala, edozeinek du buzoi hori erabiltzeko eskubidea. Hemendik aurrera lasarteoriatarrek merkataritza gunean bertan salatu ahal izango dituzte euskarari buruzko urraketak.
Ekimen hau Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren 20 herritan dago martxan. Merkataritza gunean jarritakoaz gain, beste hiru postontzi daude Usurbilen: udaletxean, Noaua! aldizkariaren egoitzan eta Sutegi kultur etxean. Errekondok “euskaldun izateaz haratago” joateko eskatu zien herritarrei, eta buzoi hauetan urraketak salatzeko.
Usurbilgo alkateak esan zuenez, postontzietako bat Urbilen jartzea ez dute kasualitatez erabaki. Euskaldunen eskubideak ez direla administrazio publikoan soilik bermatu behar aldarrikatu nahi izan dute horrela: “Kontsumitzaile gisa ere baditugu eskubideak”.
Postaz, telefonoz
eta Internetez
Merkataritza gunean nahiz beste edonon izandako hizkuntza urraketak sala ditzakete euskaldunek Urbilen jarritako buzoiaren bitartez. Hizkuntz politikan portaera egokia eduki duen edonor zoriontzeko ere erabil daiteke. Postontziaren ondoan dagoen inprimakietako bat bete eta buzoian sartu besterik ez dago. Izen-abizenak ematea ezinbestekoa da. Kexa egiaztatutakoan, Behatokiak bitartekari lanak egingo ditu, eta baita abokatuak erabili ere, behar izanez gero.
Dena dela, Lasarte-Oriako euskaldunek aspalditik dute Behatokira jotzeko aukera, Urbilera joan gabe. Telefonoz (902 194 332) eta www.euskararentelefonoa.com webgunearen bidez ere bideratzen dituzte kexak. •