Oinatz taldeak aurretik prestatzen du irteera eta aurreko iganderako bi helburu zituzten, batetik, inguruan ugariak diren harrespila edo Cromlechak ikustea eta bigarrena babarrunak jatea.
Harrespilak eta hagina
Jakina da Arano eta Goizu eta artean hainbat trikuharri, mairu-baratze eta harrespila daudela, Pirinio osoan ez da hainbesteko pilaketarik. Bi kilometrotan 59 daude eta Pirinio osoko politenak dira aditu batzuen ustez. Aurrenekoak Joxe Miel Barandiaran ezagunak aurkitu zituen 1923an eta azkenak 2006an ezagutarazi ziren.
Aurretik Aranoko hilerrian arbola ikusgarria ezagutu zuten. Aranoko hagina arbola zahar zaharra da. Zuhaitzen artean zaharrenetakoa da hagina, 2000 urte hartu ditzake eta.
Lepotik zintzilik
Euskal Herriko mitologian badu bere tokitxoa. Zuhaitz toxikoa da, bere atal gehienak dira pozoitsuak, hazia inguratzen duen eraztuna izan ezik. Euskal mitologiako kondaira batzuek diotenez, baskoiek pozoi hau erabili zuten erromatarren eskuetan erori baino lehen bere buruaz beste egiteko. Lepotik zintzilik eramaten omen zuten haginaren fruitua.
Gerra zibilaren garaian arerioaren zaldiak hiltzeko erabili zela ere esaten da. Bestalde, zuhaitz hauen gerizpean egin izan dira herri askoren batzarrak, eta Gipuzkoako armarrian zein beste armarri askotan ageri dira haginak. Hainbat euskal toki izendatzeko ere erabili da hitza.
Toki magikoa
Ondoren belar artean gordeta dauden harrespilak ezagutu ahal izan zituzten. Elur asko zegoen oraindik, baina leku magikoa izanik denak harrespilen inguruan jarri ziren borobilean. Gero harrespilen inguruan dauden teoria ezberdinak ezagutu zituzten.
Teoria baten arabera, arbasoek hildakoen gorpuak erre eta harrespilen erdian lurperatzen zituzten errautsak. Beste teoria baten arabera, harrespila bakoitza izar bati dagokio eta izarren behatokiak izango lirateke. Bi liburutan bi autorek azalpen ezberdina ematen dute beraz aipatutako cromlech horiei buruz.
Pirinioan harrespil asko dira eta hauek dira mendikateko azkenak, Oria ibaitik aurrera ez da jada bat ere. Kristautasuna iritsi zenean elizatan lurperatzen hasi ziren gorpuak, beti eguzkiari begira eta adituen ustez, ohitura horiek kristautasunaren aurretik zetozen.
Aranon, babarrun jana egin zuen taldeak, baba, aza, odolki, txorizo, saiheski eta besteekin. Bazkalostean beti bezala lagunarte bikaina izan zen, txistu eta atabalarekin girotua. Martin Anso elezaharren bi liburu argitaratuak dituen idazle eta kazetariak Aranon kokatutako kondaira bat ere kontatu zuen.
Aipagarria da gero eta herritar gehiago izan direla Oinatzen irteeretan: Araotzen hogei lagun izan ziren, Bolibarren hogeitamar eta Aranon berrogeitik gora. Hurrengoa seguru aski Etxalarreko usategiak ikustera izango da. •