Joseba Zilö-k baditu bi zaletasun. Batetik musika kontsumitzaile eta jartzailea da. Bestetik margotu egiten du euskarri ezberdinen gainean: egurra, papera, kartoia, liburua,... Asko pentsatu gabe jarri ditu bere lanak Jalgi tabernan: materiala sobera zuen, "baita tabernako pareta guztiak oso osorik tapatzeko ere". Otsaila osoan egongo dira ikusgai.
The Artificial Smile Compañy, erakusketaren izena nondik atera duzu?
Marrazkietako batean jarri nuen, moztutako meloi baten ondoan. Grazia eragiten zidan esaldiaren inizialak berak ere, The ASCo. Erakusketari zein izenburu jarri behar nion galdetu zidatenean ez nekien zein jarri eta horixe jarri nion.
Zilö DJ ere izen berezia duzu...
Nire ezizena da. Joseba deitzen naizenez, lagun bat hasi zitzaidan Joseba Zilar esanaz, "bazilatzen" eta azkenean Zilö.
Aurkezpena ere berezia izan zen larunbatean, batetik erakusketa eta bestetik ttakuntronic-en barruan musika jartzen, nola sentitu zinen?
Arraroa egin zitzaidan, etxean bezala nengoen marrazkien artean. Soinua ez zen oso ona eta laster hustu nuen taberna, kar, kar...
Noiztik margotzen duzu?
Duela pare bat urte hasi nintzen. Berez ez naiz mundu honetakoa, peritua naiz, baina beti izan dut arte-zaletasuna.
Askotan aritzen al zara?
Materiala daukadanean, bukatu arte, erlojuaren kontra. Aspaldian formatu handiekin hasi naiz eta zailagoa da, tokia behar da, lehortzen utzi behar da eta egonezinarekin, hasi eta bukatu arte segitzea gustatzen zait. 6-7 liburu margotuta dauzkat. Hasi eta ta ta ta bukatu arte. Marrazki txikiekin hasi nintzen, umeak bezala, lau marra egin eta piskanaka ikasten joan naiz, ez daukat eta formaziorik,...
Zaletasuna berezkoa duzu beraz, ez duzu hori ikasi. Zein momentutan aritzen zara?
Txikitatik gaizki marrazten nuela banekien eta hori aldatu nahi nuen, zerbait ikasi,... Lanik gabe geratzean, askoz denbora gehiago izan dut margotzeko: Denbora guztia horretan ematen nuen, goizean jaiki orduko hasi edo gauean etzan gabe segi,... denetarik egin dut.
Erakusketan euskarri ezberdinak erabili dituzu, kasu batzutan balio ez duten gauzak, ate zahar bat esaterako? Zerbait adierazi nahi al duzu horrekin?
Gustatzen zait zakar edo zikin itxura hori, erabiltzen dudan teknikarekin bat doa, ez dut fin fin margotzen. Nire eskutan erortzen den dena erabiltzen saiatzen naiz, erloju zaharrekin robotak egiten ditut,... Azken finean edozer gauzatan ikusi dezakezu, figura bat edo aurpegi bat.
Aurpegi asko daude zure lanetan, obsesioren bat al duzu?
Uste dut baietz. Ez dakit. Lehenengo ikusten duzuna da, konbinazio erraza da bi begi eta aho bat. Zuritik hasi baino nahiago dut marraztuta dagoen zerbaiten gainean hastea. Bestela beti berdina egiten duzu.
Nola definituko zenuke zure pintura?
Nolabait subkonszientean dagoen zerbaiten adierazpena dela pentsatzen dut. Gehiegi pentsatu gabe egiten ditut, nonbaitetik aterako dira.
Zein pintura erabiltzen dituzu?
Koadro txikietan tipest-a asko erabiltzen dut, pegatinak, errotuladoreak,... eta handitan, lakak, sintetikoak, edo hauek akrilikoarekin nahastuta.
Esperimentatzea gustuko duzu beraz?
Bai baina gehiegi ikasi gabe. Ahaztu egiten zait segituan zein doan ondo zeinekin.
Gero zer egiten dituzu: oparitu, saldu,...?
Denetarik, gehiena gustatzen zaizkidanak, handienak, nire umeak bezalakoak dira eta oso erraz ez ditut ematen. Gauza txikiak ematea gustatzen zait, jende bereziari, estetikoki edo lagun baten opari gisa baloratuko duen jendeari.
Noiztik musika jartzen?
Horretan jada urte dexente daramazkit, zortzi bat edo. Siglo XXn hasi nintzen asteburuetan eta Donostian zenbait lekutan jarri izan dut, Pockara, Ondarra, Akerbeltz,... Taberna giroetan gustatzen zait diskoteketan baino, jarritako musikak diskotekeroagoa dirudien arren.
Zein eratako musika jartzen duzu?
Normalean elektronikoa, dantzatzeko musika. Baina ACDC ere izan daiteke dantzatzeko musika. Punk-a eta rock-a beti gustatu izan zaizkit elektronikoa baino gehiago. Musika elektronikoa ez da hain zaharra ere, eta ni bai.
Biak, musika eta artea uztartzen al dira zure bizitzan?
Musika kontsumitzaile gisa, ez sortzaile gisa. Baina niretzat izugarria da norbaiti gustura sentitzen lagunduko dion zerbait egitea. Onena hori da, ondo pasatzeko musika edo musika berria jartzea, etortzen denak entzun ez duen musika jartzea. Marrazkietan ere barruan dudan zer edo zer ateratzen zait.
Nola inspiratzen zara, zer egiten duzu?
Berez ateratzen zait. Materiala eskuratzeko gogoarekin egoten naiz, hasteko eta gero segi bukatu arte. •