2002. urteaz geroztik dago eskola martxan. Zazpi urte hauetan, 10.000 bat gaztek parte hartu dute bertako ikastaro, tailer edo ekintza batean, azkenekoan, 2600 bat egon dira eta aurtengoan 1725 gazte espero dituzte.
Ostegunean, aurreko zenbakian aurreratu genuen bezala, Ricardo Gayol eta Francisco Villegas Hijos del Maiz GKEko kideak egon ziren eskolan egiten diren proiektu desberdinak eta etorkizunera begira egingo dituztenak azaltzeko.
“Baliabideak optimizatu eta ekintzak aurrera eramaten ditugu,” adierazi zuen Ricardo Gayol GKEko kideak, “gainera proiektuen jarraipena egiten dugu eta hauez da El Salvadorren dugun bakarra.”
Froilan Elesperen omenezko eskolan garapena, bakea eta elkarbizitza dira hezkuntzaren oinarria. Lau arlo jorratzen dira (artea eta kultura, hezkuntza eta trebakuntza, kirola eta aisia eta bokaziozko hezkuntza Nejapako 10 komunitateetan egiten du lan. “Hala ere, Nejapako herrialde kanpoko jendeak ere parte hartzen du ekintzetan,” azaldu zuen Ricardo Gayolek.
Gazteak eta etorkizuna
Orain arte, lan gogorrena Nejapa hiriburuan egin da, baina eskola deszentralizatu nahi dute eta biztanle guztietara iritsi nahi dute, batez ere gazteengan.
“Gazteak dira etorkizuna eta hauek marengatik, gazte talde gatazkatsuetatik aldentzea da gure helburua,” aipatu zuen Hijos del Maiz elkarteko kideak.
Horretarako, hainbat ekintza burutu dituzte, gazte garapenerako komitea sortu, Nueva Esperanzako komunitatean gaztetxea hornitu, herritarren parte-hartze diplomatura sortu, El Salvadorreko memoria historikoari buruzko ekitaldiak egin, genero berdintasunaren aldeko plataforma sortu edo Ingurumen komiteak sortu dituzte, esate baterako.
Genero berdintasuna
Azpimarragarria da proiektu honetan genero berdintasunari ematen zaion garrantzia.
“Emakumeek, zein gizonek parte hartu dezakete ekintzetan eta gainera ama gazteek leku berezia dute. Izan ere, El Salvadorren bortxaketa eta sexu-hezkuntza ezagatik neska gazteak ama dira 11 edo 12 urterekin eta aukera gutxi dituzte ikasten jarraitzeko. Froilan Elespe eskolak, ordea, aukera hori ematen die eta aurtengo proiektuan gainera gure ekintzetan lasai parte hartzeko, haurrak zaintzeko ekimena martxan jarriko dugu,” adierazi zuen.
Honetaz gain, Nejapako eraldaketa epe luzekoa izango zela azpimarratu zuen, “proiektu hau hezkuntzan oinarritutako eraldaketa da eta, beraz, epe luzekoa”.
Eta azkenik, Lasarte-Oriako Udalari eskerrak eman zizkion proiektuan laguntzeagatik.
Ostean, hitzarmena sinatu zen eta honen harira zuzenketa bat egin nahiko genuke. Ostiraleko zenbakian argitaraturako diru kopurua ez zen zuzena, Udalak urtero Hijos del Maiz erakundera bideratzen duen laguntza 35.835 eurotakoa da. •