16_Nejapa herrialdeko gazteei lagunduko die Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 16a

Froilan Elespe Lasarte-Oriako zinegotziak harreman estua izan zuen El Salvadorreko Nejapa herrialdean bertako herritar eta politikoekin, eta hainbat proiektu bultzatu zituen. Horregatik, bere heriotzaren ostean, Lasarte-Oriako Udalak bere omenez, Froilan Elespe eskola eraiki zuen bertan 2002an. Zazpi urte hauetan, 10.000 bat gaztek parte hartu dute bertako ikastaro, tailer edo ekintza batean, azkenekoan, 2600 bat egon dira eta aurtengoan 1725 izango dituzte.
Azpimarragarria da proiektu honetan genero berdintasunari ematen zaion garrantzia, baita ama gazteek duten leku berezia ere. Izan ere, El Salvadorren bortxaketa eta sexu-hezkuntza ezagatik neska gazteak ama dira 11 edo 12 urterekin eta aukera gutxi dituzte ikasten jarraitzeko. Froilan Elespe eskolak, ordea, aukera hori ematen die eta aurtengo proiektuan haurrak zaintzeko ekimena martxan jarri dute.