LOKEko taldean duela urte batzuk hasitako gaztetxoak eta Dani Rebordinos beteranoa dira. Izan ere, duela bospasei urtera arte bazen Lasarte-Orian mahai tenis edo Ping Pong-ean ondo aritzen zen taldea, baina taldekoak jokatzeko gogo gehiago zuten taldeaz arduratzeko baino eta uztea erabaki zuten. Iñaki Garcia, 23 urteko jokalariak, azaldu digu nola izan zen eta orduan gaztetxoak zirenak orain zertan ari diren.
Haustura
"Haustura izan zen, bazen jende zaharragoa aurretik ardura asko hartu zituena eta piska bat nekatuta zegoena, eta berriak sartu ginenak gazteegiak ginen ardurak hartzeko, (dirua bildu, federazioarekin eta arbitroekin harremanak, bidaiak,...), lan gehiegi zen guretzako. Donostian jokatzeko aukera eskaini ziguten eta guk nahi genuena hori zen”.
Iñaki Garcíak azaldu digu Atletico SS taldearekin zuten harreman onari esker aukera izan zutela segitzeko. Ordutik Donostian “oso gustora” ari dira, baina han jokatzen duten batzuk hitzeginda dute itzuli nahi dutela. "Jendeak jakin dezala, nahi duenak, animatzen bada, herrian jokatzeko aukera izango duela".
Tolosan ere talde berria sortu da, eta hango presidentearen hitz batzuek berotu ditu Lasartearrak, Iñaki Garcíak kontatu digunez. Hark esan zien "tortilla oso goxoa egon daitekeela, baina zuk zeuk egina bada askoz goxoagoa dela". "Pentsatzen egon ginen eta egia esan arrazoia dauka. Orain jada esperientzia daukagu eta gogoa daukagu berriz taldea sortzeko Lasarten. Laguntza espero dugu, bai Udalaren aldetik eta LOKEren aldetik. Ikusi nahi dugu laguntzeko zein jarrera daukaten eta zein bitarteko edo baliabide izango ditugun" esan digu.
Txikitatik hasita
Iñaki berak dauka taldearen pisu handiena hartzeko asmoa. Bere ikasketak kanpoan bukatu eta gero, pare bat urte barru, espero dute jada martxan izatea. Ikastoletara joan eta erakusteari garrantzia handia ematen diote. "Ikusten dugu maila ona dagoela baina jokalari berriak ez datoz eta galtzen ari da. Jende berria ateratzea polita da. Noizbehinka norbait ateratzen da baina ez asko".
Lasarte-Orian bada zaletasunik, eskola kirolean 25 neska mutil ostiraletan elkartzen dira Mitxelingo polikiroldegian. Iñakiren iritziz kopuru handia da, "25 lagun, ping pong-a izateko, kristona da. Donostian bertan, berez jende gehiago egon beharko litzateke, eta aurten bost berri hasi dira soilik. Horietatik engantxatuta daudenak bi dira".
Iñakik gogo handia du herrian erakusten hasteko. Bera nola zaletu zen azaldu zigun. "Kuadrila osoa joan ginen 12 urterekin Landaberrira probatzera eta ez zitzaidan ikaragarria iruditu, kirol normala besterik ez. Hasieran nahiko aspergarria da: etengabe pilotaren bila,... gero zaharren laguntzari esker maila hobetzen hasi ginen, jarraitu eta engantxatu gintuena txapelketak izan ziren". Estatu mailan hainbat lekutan izan dira. Horrek asko erakartzen eta lotzen du jendea.
Maila ezberdinak
Zazpi-zortzi dira orduko taldean hasi eta maila txukunean ari direnak, Lasarte-Oriakoak batzu eta Usurbilgoak besteak. Iñaki Blanco da maila altuenean ari dena. Maila gorena, atzerritarrez betetako superdibisioa da eta Iñaki Blanco hurrengoan ari da, ohorezko dibisioan, Gasteizko taldean.
Gero Lehen Mailan Lasarte-Oriako bi jokalari daude, Iban García eta Iñigo Ruiz. Maila oso ona daukate, baina ligan euren taldea ez da oso ondo ari eta jaisteko arriskuan dira. Maila honetan Atletico SSk duen beste taldea ondo doa, 3-4 postuan, igoera fasea jokatzeko aukera ematen duen bigarren tokitik gertu.
Ondoren dator laugarren maila bat, Bigarren Maila eta hor Iñaki Garcia, Igor Arizmendi, Dani Rebordinos eta Usurbilgo Jon Iartza daude. Hauen taldea oso ondo ari da, baina zaila ikusten dute bigarren postua maila oso handia dagoelako. Baina hurbil daude.
Gero beste bosgarren maila bat bada Gipuzkoa mailan: Euskadiko lehen maila izenekoan Favio Hernandez eta Dani de la Fuente ari dira igotzeko aukera askorekin.
Ordu asko entrenatzen
Beste edozein kiroletan bezala, ondo jokatu eta hobetu nahi duenak ordu asko sartu behar ditu. "Gogoratzen naiz, lehenengo urtean egunero lau ordu joaten nintzen, sei egun astean eta zazpi ezin zirelako. Ordu pila sartu eta orduan saltoa ematen duzu, txapelketetara joaten zara eta jada beste gauza bat da. Orduan engantxatu eta gustora aritzen zara” kontatu digu Iñakik.
Hasi berrientzat badira txapelketa interesgarriak, bakarka, 21 urtetik azpikoentzat. Hortik aurrera jada maila oso altua dago, profesionala. 21 urtera arte, nahiz eta maila oso ona ez izan, federatua baldin bazaude, eskualdekoan parte hartu dezakezu aurrena eta sailkatuz gero, Estatuko txapelketa.
Bakarkako txapelketak
Gipuzkoa mailan txapelketa piramidalak jokatzen dira: maila gorenean talde bat dago, bigarrenean bi, hirugarrenean hiru,... Maila bakoitzean bi aurrenak igo egiten dira. “Oso ondo dago txapelketa hau, beti zure mailakoekin jokatzen duzulako. Ez daude beti irabazten duten oso onak ezta aspertuko zaituzten oso txarrik. Beraz ondo bazabiltza gora eta gaizki bazabiltza behera”.
Denek jokatzen dute gogoz txapelketetan baina, Iñaki Blanco eta Iñigo Ruiz ari dira nabarmentzen. Blanco atzerritarrei irabazteko gai izan zen iaz. Iñaki Garcíaren ustez Lasarte-Oriako taldea osatzen bada eta bi jokalari hauek “gurekin” badaude, lehen mailari erraz eutsiko diote.
Herriko txapelketa, Buruntza, ez da azken urteotan egin, baina garai batean Estatuko famatuenetakoa zen. Alde guztietako jendea etortzen zen eta azpimarragarria zen antolaketa. Txapelketa askotan egon den Iñaki Garciaren ustez hauen artean onenetarikoa zen Lasarte-Oriakoa. “Taldearekin gertatu zen antzekoa gertatu da sari honekin ere". •