Musika Eskolaren kontzertu bufoa Inauterien hasieran

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 18a

Ostegun gizen eguna da hurrengoa eta Lasarte Orian ere egun horretan irekiko da aurtengo inauteri jaietako egitaraua. Manuel Lekuona kultur etxeko aretoa arratsaldeko 19:00etatik aurrera, sorgin, pirata, pailazo eta milaka pertsonaia desberdinez beteko da.
Urtero legez, Lasarte-Oriako Musika eskolako ikasleek Ihauteriei ostegunez emango diote hasiera eta egun hauetan buru belarri lanean dihardute guztia ongi atera dadin.

Kontzertu bufoa

Miren Etxenagusia zuzendariak azaldu ziguenz, Musika Eskolako txikiek emango diote kontzertuari hasiera. 1. eta 2. mailako Txokoetako haurren jantziek eta hauen naturaltasunak ikusleak alaituko ditu.
Eta halaber, Josu Izagirre irakaslearen laguntzaz, perkusio instrumentuak eta xilofono edo metalofonoaren makila esku artean, Semaforoaren abestia eta Pilotekin jolasean abestiak eskainiko dituzte.
Ondoren, Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak ikusi eta entzun ahal izango ditugu. Hauek Maitia nun zira edo Lau teilatu abesti ezagunak, zein klasikoagoak eskainiko dituzte.
Festarekin jarraitzeko, Musika Hizkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek, musika tresna desberdinak ikasten ari direnekin batera, zenbait kanta eskainiko dituzte elkarrekin: Zezenak dira edo Uno de Enero eskaini eta ikusleak dantzan jartzeko asmoa dute.

Elurtza folk amaitzeko

Azkenik, Elurtza folk taldeak Benito Lertxundiren Urrundik heldu naiz eta Iñigo Peña irakasle ohiaren Mugak zabalduz abestiekin emango dio amaiera urteko kontzertu alaitsuenari. Ihauterien giroan murgiltzeko aukera aproposa, beraz, ostegunean Musika Eskolak eskaintzen duena. •