Egingo den frontoi berriaren harira

Txintxarri 2009ko otsailaren 18a

Herriko komunikabideetan argitaratu denaren arabera udal kiroldegiaren ondoan frontoi baten eraikitzea aurreikusten da, beste ekintzen artean.
Okendoko frontoia, "herriko ikurra", eraisteak lasarteoriatar guztiongan sortzen duen sentimentaltasuna bazter batean utzirik, hainbat frontoi zale kezkati agertzen gara berriaren eraikitzearekin.
Izan ere, kirol instalakuntza diseinuari dagokienez, herrian aurrekari ez oso itxaropentsuak izan baititugu.
Eta zatarkeri horien erantzule nor den jakin gabe, gainera. Frontoi berriak neurri egokiak izango ditu? Frontis eta paretako marrak bere lekuan margotuko dituzte? (Michelin kanpoko frontoia) Frontoiko lurrean estoldak ezarriko dituzte? (trinketea) Harmailak jarriko dituzte, jende adindua batez ere, eser dadin? Euria egin eta bertan jokatzea galaraziko da? (Michelineko areto-futboleko gunea) Kirolarien osasunerako kaltegarria den pareta edo hormarik eraikiko dute? (Michelineko areto-futboleko gunea)
Datu hauek guztiak jendeak egiazta ditzake kirol instalazio berriak ikusita, argazkirako dotore agertzen dira, baina kirolarien erabilerarako beste kontu bat da.
Hurrengo urtean ikusiko dugu.

Erredakzioan itzulia

Imanol Bardaji