“Aberastasuna banatu” kanpainari ekin dio ELA sindikatuak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 19a

ELA sindikatuak "Aberastasuna banatu" leloa duen kanpainari ekin dio Buruntzaldea eta Goiherri eskualdetan. Sindikatuaren ustez, Gobernu, Patronal eta Banketxe-Aurrezki Kutxen ekonomia eta gizarte-politikaren ondorioz iritsi gara gauden tokira. Beraz horiek, bankari, enpresari eta agintariak dira ELAk salatu zuenez krisiaren errudun bakarrak eta gizarteak jakin dezan, enpresaz-enpresa eta herriz herri emango dute horren berri. Kanpainan zehar bilera eta mobilizazioak egingo dira ekainera bitartean eskualde osoan, "egin dutena" salatzeko. Maiatzaren 1ean Bilbon elkartuko dira, maiatzaren 15ean Beasainen Oria eta Goierriko ordezkarien manifestazioa egingo da eta ekainaren 5an amaituko da kanpainaren lehen fasea Bilbon ekitaldi nazionalarekin.
"Aberastasuna banatu" izenburuarekin hausnarketarako gaia proposatzen du ELAk: "azken 15 urtetan, bai enpresa pribatu zein publikoetan, diru irabazi itzelak izan dituzte, beti ere, langileak aintzakotzat hartu gabe". ELAk salatzen du aberastasuna eta etekinak banatzeko asmorik ez dutela izan eta ez hori bakarrik: hainbat lantoki eta sektoreetan lan baldintza okerragoak jarri dituzte. Eta guztia administrazio publikoaren onespenarekin. Honen adibidea, lan publikoak pribatizatzea eta lan baldintzen kaxkartzea izan da.

Kapital metaketa

Sindikatuaren iritziz, politika neoliberalen emaitza izan da hori. "Enpresari eta kapitalaren alde jo dute, euren eskuetan itzelezko kapital metaketa ahalbideratuz". ELAk salatzen duenez, ez da egia dirurik ez dagoenik, hori behin eta berriro errepikatzen badute ere. "Enpresarien eta kapitalen errentei barkatzen dieten dirua, behar beharrezkoa du esparru publikoak, gizarte gastuak handitzeko eta herritarren beharrei erantzuteko".
Baina agintariek ez dute euren politika aldatzeko asmorik, are gehiago egoera okertu duten politika horiek indartzen ari dira, errenta altuenen zergak urritu egin dira eta bitartean langileen lan baldintza kaxkarrak ugaritu eta gizarte gaietako gastuak murriztu. "Onartezina da, gauden egoeran gobernuek gehien dutenen zergak murriztea".
Beraz ELAren ustez derrigorrezkoa da aberastasunaren banaketa eta aldi berean patronal eta agintariek jarrera salatzen du: "Patronala krisi egoeraz baliatzen da justifikatu gabeko EREak aurkezteko eta Eusko Jaurlaritzak bat egiten du enpresa-buruekin ERE horiek onartuz. Eta egoera pribilegiatuaz baliatzen dira eurentzat abantailak lortu eta langileei txantajea egiteko: soldaten murriztea, malgutasuna,... eskatuz".

Diru publikoa banketxeei

ELAren salaketa hirukoitza da. Enpresariek ekonomia hazten ari zenean, lan baldintza kaxkarrak bultzatu eta etekin handia izan dute. Orain gorakadarik ez dagoenean Europa osoan baino lanpostu gehiago desagertzen ari dira. Bestalde, EAEn langabeziaren zifrak manipulatu direla eta agintariek banketxeei hauen zuloak estaltzeko diru publikoa eman diotela salatu du ELAk. Sindikatuaren ustez , behar beharrezkoa da esku hartzen publikoa , BAnku zein Aurrezki Kutxen kontrol ekonomikoa berreskuratzeko.•